GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top14

Finalerdietarako bidean ez dago huts bat ere egiterik

Biarritzek Clermonten zelaian jokatuko du gaur, 21.00etatik aitzina.

p041_f01_97x112.jpg

Jon LEUNDA

Oraingoz, aurtengo denboraldiko partidarik garrantzitsuena izango du Biarritzek, Heineken Kopako final-laurdenekin batera. Lapurtarrak Europatik kanpo daude; denboraldi bikaina burutzeko, Ligan egin behar dute zerbait, eta aurtengo sasoia amaitutzat eman nahi ez baldin badute, gaur irabazi beharko dute Clermonten zelaian.

Zuri-gorriek denboraldi ona egin dute, baina aurten Tolosa kenduta, gainerako taldeen artean, batez ere goialdean ibili direnen artean, sekulako oreka izan da. Liga erregularra bosgarren amaitu du, Clermonten atzetik, eta azken hauen zelaian jokatu beharko du norgehiagoka.

Etxetik kanpo jokatzea beti da arriskutsua, baina kanporaketa partida bakar batera erabaki behar denean, edozer gerta daiteke. Clermont faborito aterako da, baina seguru asko ere bi taldeek ez dute arrisku handirik hartuko. Izan ere, inork ez du ezusterik nahi, eta deskuidurik txikiena garesti ordain dezakete, ez baitago gaur gaizki egindakoa zuzentzeko betarik.

Jean Michel Gonzalez entrenatzailea gustura agertu da astean zehar egindako lanarekin, eta itxaropen osoa agertu du kanporaketa honi begira. Norgehiagoka 21.00etan hasiko da, eta ostirala izanik ez da zale euskaldun asko joateko egunik aproposena, baina batzuk izango dira talde lapurtarra animatzeko prest.

Bi taldeak oso parean ibili dira denboraldian zehar. Biak 71 punturekin amaitu dute denboraldia, baina frantziarrek lortutako bonus kopurua handiagoa izan denez, sailkapenean aurretik amaitu dute.

Gainerakoan, bien artean oreka handia izan da. Zuri-gorriek 15 partida irabazi dituzte, bat berdindu eta 10 galdu. Clermontek, berriz, 15 partida irabazi ditu; Biarritzek adina, baina euskaldunak baino partida bat gehiago galdu dute, guztira 11.

Datuei begira jarrita, bada bat oso kezkagarria dena, izan ere, Clermontek etxean jokatu dituen partida guztiak irabazi egin ditu, eta horrek garbi erakusten du bere zaleen aurrean jokatzen duenean zer nolako indarra duen. Biarritzek, berriz, etxetik kanpo lau garaipen besterik ez ditu lortu, eta horri begiratuta badirudi etxekoak direla faborito garbiak. Partida batera jokatzen denean, gauzak erabat aldatzen dira, eta hori nahi dute euskaldunek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo