GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Areto futbola Ohorezko Maila

Trimanek Bartzelona ahalguztidunaren aurka ekingo die Ligako kanporaketei

J.L.

Triman Navarrak final-laurdenei ekingo die gaur liga erregularreko onena izan den Bartzelona taldearen aurka; Iruñean, jokatuko dute 21.00etatik aurrera. Norgehiagoka oso zaila da, izan ere, kataluniarrak hamaikako futbolean agertu duten nagusitasun bera erakusten ari dira aretoan jokatzen ari direnak ere.

Talde handia egin dute, dena irabazteko horietakoa, eta orain arte gauzak bide onetik doazkie. Hala ere, nafarrek lehen puntua lortzea dute amets, horrek gauzak orekatuago jarriko bailituzke bigarren partidarako. Gaurkorako, gainera, Bartzelonak baja asko ditu, Cristian, Chico, Igor eta Wilde ez baitaude jokatzeko moduan.

Wilderen baja da gehien nabarmentzen dena, Ligako jokalaririk onenetakoa izan baita. Bere garaian nafarrekin jokatu zuenean ere erakutsi zuen zer nolakoa zen, eta iaz El Pozorekin irabazi zuen Liga.

Horretaz guztiaz baliatu nahi dute Imanol Arregik zuzentzen dituen mutilek. Teknikari nafarrak jokalari guztiak jokatzeko prest ditu, eta Carlitosen zalantza bakarrik dauka, nahiz eta itxura gutzien arabera, azkenean deialdian sartuko den.

Epaileak ere goi mailakoak dira, Gutierrez Lumbreras eta Lope Diaz, honelako partida batetako oso egokiak. Jendeak ere erantzun ona emango duela aurreikusten da, iazko play offetako giroa berreskuratuz. Zuzenean ikusterik ez duenak Marca TV-ren bidez ikusi ahal izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo