Presoen eskubideen alde, Donibane Garazin manifestazioa
GARA |
Donibane Garazin manifestazioa izango da bihar preso politikoen eskubideen alde. Herriko etxetik abiatuko da 16.00etan. Bakartzea, sakabanaketa, biziarteko kondenak, osasun arreta eskasa eta beste hainbat eskubideren urraketa salatuko dituzte Donibane Garazin.
«Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira!» lema izango du Askatasunak deitutako manifestazioak. Batasunak ere bat egin du deiarekin. Izan ere, Batasunaren hitzetan, «egoera honen aitzinean, ezinbestekoa da mobilizatzea eta konpromisoak hartzea, indarrean dagoen espetxe politika kriminalaren amaiera lortzeko».
Betolaza Seysses-era
Bestalde, Gorka Betolaza gasteiztarra Muret Seysses-eko espetxera eraman dute. Betolaza asteazkenean atxilotu zuten Itsasun; izan ere, Estatu espainolak lau urteko zigorra betetzeko euroagindu eskaera aurkeztu zion Parisi. Dagoeneko hiru urte beteak ditu.
Bere partetik, Eukal Herri osoan zehar «biziarteko zigorraren» aurkako mobilizazioak aurrera doaz. Arbizu ere horren lekuko izango da maiatzaren 29an, 20.00etan, Jesus Mari Mendinueta preso politikoari ezarritako biziarteko espetxe zigorra salatzeko manifestazioa egingo baitute. Hilaren hasieran bete zuen aurrez ezarri zioten kondena, baina Gorenaren doktrina aplikatuz 2021. urtera arte luzatu diote zigorra.
Iruñeko Donibane auzoan ere elkartasuna erakutsiko dute. Hain zuzen, mobilizazioak prestatzen ari dira Iñaki Erroren askatasuna eskatzeko. Errok iaz bete zuen osorik espetxe zigorra, baina 30 urte osorik bete beharko ditu.
Elkarretaratzeak
Hainbat herritan elkarretaratzeak egin zituzten atzo ostegunero bezala. Iruñeako Arrosadian, esaterako, 30 lagun bildu ziren, Iturraman 51 eta Txantrean 54. Burlatan, bestalde, 104 lagun eta Eibarren 95 bildu ziren euskal presoen etxeratzea eskatzeko.