GARA > Idatzia > Mundua

FARCi konfiskatutako datuak ezingo dituzte auzietarako erabili

Raul Reyes FARCeko ustezko buruzagia hil zutenean Armadak lapurtu zituen ordenagailuak legez kanpo eskuratu zituela ebatzi du Kolonbiako Auzitegi Gorenak, eta hortaz, gerrillarekin harremanak izatea leporatuta auzipetu dituzten zenbait politikariren aurka ezingo dute informazio hori erabili. Ikusteko dago, beraz, Ekuadorko presidentearen aurkako auzia zertan geratzen den.

GARA

FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako buruzagitzat jotzen zuten Raul Reyesen ordenagailuetan ustez aurkitutako datuak prozesu judizialetan baliorik ez dutela ebatzi du herrialde horretako Auzitegi Gorenak, horiek lortzeko legez kanpoko bideak erabili zirela nabarmenduta. 2008ko martxoan akabatu zuten Raul Reyes, Kolonbiako Armadak gerrillariek Ekuadorren zuten kanpaleku bati eraso eginez; ekintzaileen hainbat ordenagailu eskuratu zituzten operazio horretan, baina horien informazioa militarrek manipulatu egin zutela salatu izan da. Haatik, bertatik jasotako informazioa baliatu dute hainbat politikari auzibidean jartzeko; baina orain, datu horiek prozesu judizialetarako ez direla baliagarri ondorioztatu du auzitegiak, soldadu haiek ez baitzuten polizia judizialen funtziorik.

Erabakia Wilson Borja Polo Demokratiko Alternatiboko parlamentari ohiaren aurkako auzian hartu du auzi-gelak, FARCekin harremanetan aritu ote zen ikertzen ari baita uneotan. Ordenagailu horietako informazioan oinarrituta hasi ziren poliziak Borjaren susmoak hartzen, hain zuzen; eta Gorenak hartutako ebazpenaren eraginez, kasua itxi egin dute.

Ez zen hori gertatu Alderdi Liberaleko senatari Piedad Cordobaren auzian, kargugabetu egin baitzuten iaz, bere aurka bildutako informazioa zela-eta. Hala ere, ebazpena beste auzi batzuetarako aurrekaria izango da, eta hortaz, epaitzeke dituzten zenbait kasu bertan behera geratuko direla espero da.

Rafael Correaren auzia

Horien artean dira, besteak beste, Rafael Correa Ekuadorko presidentearen aurkako akusazioak. Ordenagailuetako datuen arabera, 2006ko hauteskundeetako kanpaina finantzatzeko gerrillaren dirua jaso izana leporatzen diote agintariari.

Hain justu, eta azken lau urteetan egin duen antzera, Correak herenegun ere ukatu egin zuen hori. Kontua da, ustezko ekarpen horien afera argitzeko ikerketa abiatzea erabaki zuela Ekuadorko Fiskaltzak astelehenean, horretarako argudio aski badaudela argudiatuta; izan ere, presidentearen anaia Fabricio Correak dagoeneko erretiroa hartua duen Jorge Brito koronela berarekin harremanetan jarri zela aitortu zuen bere garaian, nahiz eta presidenteak horren inguruan ezer ez zekiela ere argitu.

Orain, beraz, Kolonbiako erabakia ikusita, Correaren auzi-prozesuan zer-nolako eragina duen ikusiko beharko da.

Artxibatuak

Polo Demokratiko Alternatiboko bi kideren eta Alderdi Liberaleko beste baten aurkako auziak artxibatzea ebatzi zuen aspaldi Auzitegiak, frogen jatorriak sortzen dituen zalantzengatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo