Amiantoak eragindako kalteak nekez ordain daitezke, baina erantzukizunak onartu behar dira
Berriro ere amiantoa albiste izan da. Baina oraingoan, zorionez, berria ez da beste langile baten heriotza edo gaixotasun larria izan. Jose Asenjo zamaketariak amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz hil zenean, haren senitartekoek salaketa jarri zuten, baina tribunalek erantzun zuten Asenjok lan egin zuen enpresa desagertu zela. Atzo Bilboko epaitegi batean langilearen heriotza dela-eta prestazio-gainordaina eskatu zuen sendiak, eta bertan lankideek testigantza ikaragarria eman zuten: amianto zakuak eskuz deskargatzen zituzten, eta haietatik askatzen zen hautsa arnastu egiten zuten. Kalean, bitartean, «amiantoak hiltzen jarraitzen du», salatu zuen Euskaldiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak, Asenjoren eta beste askoren senide eta lagunek ondo asko dakiten bezala. Halaber, EAEko Jusizia Auzitegi Gorenak eta Gasteizko gizarte epaitegi batek CAF eta Sidenor, hurrenez hurren, zigortu dituzte, enpresa horien segurtasun neurririk ezak bi langileri gaixotasun larria eragiteagatik.
Amiantoaren eraginak kaltetutakoek nekez izango dute ordaintza, baina garaipen txiki horiek horrelako edo antzeko kasuak gertatzea zailagoa izan dadin balio izango dute gutxienik.