Floren Aoiz www.elomendia.com
#basquerevolution
Denok ikasten ahal dugu mobilizazio hauetatik, baina batzuek aste honetan atzeman badute ere, aspaldikoa da demokrazioaren aldeko borroka. Eta 22tik aurrera jarraituko du, Euskal Herrian, behintzat
Sentimen eta hausnarketa kontraesankorrak piztu dituzte niregan demokraziaren aldeko aste honetako mobilizazioek. Mendeetako eskarmentuak zailtzen du Madrildik datorrenaren aurreko lehen erreakzioa, baina, batzuetan, alta, ustekabeak gertatzen dira, eta basamortutzat jotzen dugun eremuan loreak sortzen dira.
Espaziora erantzunik gabeko mezuak bidaltzen duenaren sentsazioa izan dugu sarritan, Ebrotik beherako ezkerrari dagokionez. Izan dut Estatuko hainbat lekutako jende ezkertiar eta solidarioaren babesa ezagutzeko parada, eta badakit salbuespenak asko eta baliagarriak izan direla beti. Hor dugu Iniciativa Internacionalistaren adibidea. Baina, hau ahantzi gabe, hondarreko urteetan nabarmena zen euskaldunon bakardadea. Eta zer esan Euskal Herrian greba orokorrak deitzen ziren egunetan atzematen genuen panoramaz? Behin idatzi nuenez, esanguratsua zen espainiar telebista pribatu batek pentsioen erreforma eta sindikatu nazionalisten erantzunen arteko aurkakotasuna aipatu izana. Bazirudien ez zegoela benetako ezkerrik, ez zegoela inolako erantzunik, etsipena nagusitzen zela bazter batetik bestera. Nazionalista deitzen zituzten horiek zirela ezker bakarra, hots.
Ez zen horrela, alta. Jende askok erantzuten zuen, umilki, bestelako oihartzunik gabe, ziurrenik. Asko dira ezkerraren ikurra bizirik mantendu nahian ibili direnak. Baina nekez espero genuen egunotan ikusten ari garen mobilizazio maila.
Ustekabean harrapatu gaitu, honenbestez, spanishrevolution deitu nahi izan duten protesta jarduera hau. Baina ustekabea eta distira ez datoz halabeharrez elkarrekin. Berri ona da orain arteko etsipenaren bazterketa, baina gertaera zehatz batzuen garrantzia ez da egun guti batzuetan neurtzen. Gerta daiteke protesta hauek joera aldaketa baten sintoma izatea. Baina gerta daiteke ere agertu diren bezain bizkor desegitea. Horixe gertatu zen, ez dezagun ahantz, 2004ko martxoan. Orduan, PSOEk baliatu zuen herritar askoren haserrea, baina ez egitura politiko, ekonomiko edo sozialak aldatzeko, Moncloara iristeko baizik. Zer egin duen gerora denon gogoan dago.
Ez ditut ahantzi lagun batzuekin Espainiak Mundiala irabazi zuelarik izan nituen eztabaidak. Aldaketa gogorra zela, esaten zidaten. Ez genukeela erraz ahantziko uholde hura! Non gelditu da, berriz, ito behar gintuen olatu hori? Antzekoa gertatu zen Bartzelonako manifestazioa erraldoiaz, Estatut-aren epaia ezagutu ondotikoaz, alegia. CiU izan zen etekina baliatu zuena. Izan ere, uholde batzuk pasa ondoren, ez da deus gelditzen.
Batera ala bestera, euskal iraultza, geure matxinada, geure demokrazia eta aldaketa prozesua aspaldi dago abiatuta eta ez da egun edo aste bateko lorea. Hori badakigu, denon begibistan baitago ibilbide luzearen fruitua. Protesta eta aldaketarako saioak ongi etorriak dira. Zorionekoa da bizitza badela jakitea. Denok ikasten ahal dugu zerbait mobilizazio hauetatik, baina batzuek aste honetan atzeman badute ere, aspaldikoa da demokraziaren aldeko borroka. Eta 22tik aurrera jarraituko du, Euskal Herrian, behintzat.