GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Edurne Eguzkitza, Maite Irazabal (*) Bilgune Feminista, Etxe Langileen Elkartea

Jantokietako langileak borrokan, gu ere bai!

Kalitatezko enplegua izateko eskubidea ukatzen zaigu eta ondorioz norbanako bizi proiektu bat izatea. Lan merkatu prekarioenean, eskubiderik gabeko sektoreetan kokatzen gaituzte Mugimendu feministatik emakume hauei gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta, bide batez, gauzatzen ari diren borrokagatik zorionak eman

Hilabete luzeak daramatzate jantokietako langileek borrokan, beren lan baldintzak hobetzeko. Beren eskubideak defendatzeaz gain, eskaintzen duten zerbitzua hobetzea ere ari dira aldarrikatzen.

Gurasoek beren seme-alabak ondo zainduak egotea nahi dute, eta horretarako behar besteko denbora eskaintzea. Horregatik guztiagatik, oraindik ere ulertezinagoa egiten zaigu komunikabide ezberdinetatik zein guraso elkarte batzuetatik borroka hau desitxuratu nahi izatea. Kolektibo honen gehiengoa emakumeek osatzen dute. Eta, antza denez, bestelako sektore feminizatuei bezala jantokiko lanari ere enplegu duineko estatusa ukatzen zaio.

Eredu kapitalista patriarkalak biziraupenerako lan guztiak atxikitzen dizkigu emakumeoi (zaintza, elikadura, pertsonen ongizatea...) inolako errekonozimendu sozial zein ekonomikorik aitortu gabe. Baina, gainera, lan hauek guztiak merkantilizatzerakoan eta lan merkatu formalera eramaten dituztenean egoera prekarioenean izaten da.

Eskola jantokietako gatazka honek agerian utzi du, alde batetik, lan hauek guztiak nahitaezkoak direla, eta, bestetik, administrazioak zein botere publikoek behar sozial hauei heltzeko dauzkaten hutsuneak eta borondate politiko eza: kalitatezko zerbitzu sozial publikoen falta, laguntza ekonomikoen falta, emakumeok pairatzen dugun esplotazio egoerak amaiarazteko borondatea, kontziliatzeko neurri eraginkorren falta... Hau izan daiteke gatazka honen aurrean erakusten ari diren jarrera itxia eta ez negoziatzailea mantentzeko arrazoi bakarra.

Badaude gatazka hau desitxuratu nahi dutenak, diru kontua besterik ez dela argudiatuz. Ez da Egia; borroka honetan, formazioa, lan baldintzen ekiparazioa eta beren hezitzaile funtzioaren errekonozimendua eskatzen ari dira besteak beste. Bestetik, nabarmendu beharra daukagu emakume hauek zaintza lana ez ezik, heziketa lan oso garrantzitsu bat ere egiten dutela.

Halere, soldata duinago bat izateko borroka izango balitz ere, ez lukete eskubidea izango hau aldarrikatzeko kobratzen duten batez besteko 350eko euroko miseriazko soldata kontuan harturik? Hau esaten ari direnak soldata horrekin bizi ahalko lirateke?

Emakumeoi kalitatezko enplegua izateko eskubidea ukatzen digute eta, ondorioz, norbanako bizi proiektu bat izatea. Emakumeok oraindik ere lan merkatu prekarioenean, eskubiderik gabekoa eta atomizazioaren ondorioz antolatzeko arazo handiak dituzten sektoreetan kokatzen gaituzte. Horrela gertatzen da, garbiketa, etxe langile, jantoki eta zerbitzu sektorean orokorrean. Ez da kasualitatea, borroka hauen artikulazioa zailagoa bihurtzeko ongi diseinaturiko estrategia oso bat baizik.

Ez da bide erraza izan lan merkatu arautuan sartu ahal izatea, inork ez digu hau oparitu, urteetan egin dugun borrokari esker lortu baitugu. Ozen esan dezakegu, beraz, borrokatzea merezi duela. Baina orain, lan merkatu arautuan egotea lortu dugunean, lehen aipatu bezala, aukera berdintasunean egoteko eskubidea ukatu egiten zaigu. Diskriminatu egiten gaituzte balio sozial eta ekonomiko txikienak dituzten lanak egokituz eta honen ondorioz dependentzia egoera batera eramanez, ez soldata, ez etxerik, ezta bizi proiektu autonomo bat izateko aukerarik ere. Betiko eredu zapaltzailea finkatzeko asmoarekin.

Bada ordua, beraz, beste aurrerapauso bat emateko, lan hauek duintzeko eta prekarietatearen aurka borroka egiteko. Emakumeok lan arloko gure aldarrikapenak bideratzeko eta gure eskubideen alde borroka egiteko zilegitasuna daukagu. Inork ezin du zalantzan jarri borroka esparru hauek geure egitea.

Honegatik guztiagatik, mugimendu feministatik emakume hauei gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta, bide batez, aurrera eramaten ari diren borrokagatik zorionak eman. Beste alde batetik, gauzatuko dituzten mobilizazio guztietan parte hartzera dei egin nahi dizuegu. Emakumeon lan baldintzak hobetzeko borroka gure bizi baldintzak hobetzeko borroka ere badelako.

(*) Artikulu hau Aurora Iturriotz, Juana Aranguren, Pili Gil eta Miren Arangurenek sinatua da, Bizkaiko Emakumeon Asanblada, Medeak, Plazandreok eta Andere Bidatz elkarteen izenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo