GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria

West eta Beauvoirren garaia

Txikitan, ni baino dezente zaharrago zirenei (hamar urteko aldea nahikoa zen norbait «zahar»tzat jotzeko) beste galaxia batekoak balira bezala begiratzen nien. Urteekin, baina, hain urrutikotzat nituen horiek gertuago sentitzen hasi naiz. Are gehiago, amildegia nonbaiten kokatzekotan, ni eta nire atzetik datozenen artean dagoela esango nuke. Aurrekoan ohartu nintzen horretaz, ikasleei feminismoaren aitzindarien esanak eguneroko adibideen bidez azaltzen ari nintzaienean. Rebecca West eta Simone de Beauvoirrekin bat etorri arren, beren teoriak nolabait antigoalekoak iruditu zitzaizkien nire ikasleei. Bai, jakin bazekiten hainbat tokitan emakumeak bigarren mailako hiritartzat jotzen dituztela oraindik, baina Mendebaldean berdintasuna nagusi dela esaten zuten. Eztabaidan hasi ginen; kontu batek bestera eraman, eta ohartu nintzenerako «nire» eta «haien» garaien arteko aldeez mintzatzen ari zitzaizkidan. «Nire» garaian West eta Beauvoirrek salatzen zituzten egoerak aurki zitezkeen oraindik; haienean, berriz, halako kasuak ezohikoak dira. Nola azaldu ni baino hamar urte gazteago direnei euren garaia nire garaia ere badela? Nola azaldu Mendebaldeko bizimodu erosoan ere hainbat gerra daudela irabazteko, generoarena haien artean? «Zoritxarrez», Dominique Strauss Kahn NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariaren eskandalua klaseak amaitu eta astebetera gertatu da. Zer ariko dira pentsatzen nire ikasleak une honetan? Kasu isolatutzat hartuko dute Kahnena? Garrantzitsuagoa dena, izango dute kontu honen berririk? Ala garai berrien promesak itsututa jarraituko dute oraindik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo