Strauss-Kahn, espetxetik irten, eta etxeko atxiloaldian izango da epaiketa hasi arte
Eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du aurrerantzean NDFko presidente ohiak, 24 orduz kontrolpean izango baitute. Ekainaren 6an egingo dute bere aurkako lehen auzi-saioa.
GARA | NEW YORK
Segurtasun neurri handiek babestuta irten zen atzo Dominique Strauss-Kahn NDF Nazioarteko Diru Funtseko presidente ohia New Yorkeko Rikers Island espetxetik. Burumakur eta itxura zarpailaz, zaintzapean izango den aldi baterako zentrora jo zuen kartzelatik irten eta berehala mandatari ohiak; atxiloaldia betetzeko etxearik ez baitzuen lortu. Halaxe ebatzi zuen herenegun auzitegiko epaimahaiak, sexu abusu delituagatik zazpi kargu leporatu ostean. Eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du Strauss Khanek, 24 orduz zaintzapean izango baita.
Ikusmina izugarria zen atzo kartzelaren inguruetan, Nazioarteko Diru Funtseko mandatari ohiaren irudiak biltzeko irrika handia baitzen gerturatutakoen artean.
Dena den, ekainaren 6an itzuli beharko du berriz auzitegira, orduantxe egingo baita bere kasuaren inguruko lehen auzi-saioa; bertan argudiatu beharko du Strauss-Kahnek leporatzen zaizkion delituengatik bere burua errudun edo errugabetzat jotzen duen, baina ez dirudi horretan ezustekorik izango denik, lehen unetik defendatu baitu NDFko presidente ohiak bere errugabetasuna.
Bere abokatuek ere halaxe nabarmendu zuten atzo: «Gure bezeroak ez du zertan larritu, leporatzen zaizkion delituak oso azalekoak dira eta aurkeztu dituzten frogak, aldiz, barregarriak», baieztatu zuen William Taylor legelariak.
Auzia daraman fiskalak, Cyrus Vancek, ostera, gogor gaitzetsi du ustez mandatariak gauzatutako delitua: «Ameriketako zuzenbidean larritasun handiko delitua da egin duena».
Fase berria Alderdi Sozialistan
Atxiloketaren unean, hain justu, datorren urtean Estatu frantsesean gauzatuko diren hauteskunde orokorretarako Alderdi Sozialistaren presidentegai ere bazen Strauss-Kahn; baldintzapeko askatasuna ezarri diotela jakiteak aise lasaitu ditu, hortaz, bere alderdikideak. Nola edo hala, kalapita honen inguruko fase bat itxi eta bozetan hautagai izango dena bilatzeari ekin diote berriz. Martin Aubry sozialista gaiaren inguruan penatuta agertu den arren, auzia ahalik eta azkarren ahaztu eta dagozkien gaiei erreparatzen hasteko unea dela nabarmendu zuen atzo Alderdi Sozialistako hautagai ohi Segolene Royal-ek.