GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko Lehiaketa

Finalerdietan nortzuk izango diren erabakita geratuko da

Atutxa II.a eta Mugertza II.a neurtuko dira ligaxkako azkeneko jardunaldian.

p040_f01.jpg

Jon LEUN DA

Urrezko Aizkorako Bakarkako Txapelketako finalerdiak nortzuek jokatuko duten jakingo dugu gaur bertan; izan ere, 19.30etik aurrera Zeanurin jokatuko den saioarekin erabakita geratuko dira finalaren atarikoak.

Jadanik Azurmendi eta Rekondo, hurrenez hurren, A multzoko lehenengo eta bigarren sailkatuta daude. Gaur, Mugertza II.a eta Atutxa II.a neurtuko dira B multzoko azkeneko neurketan. Hemen, Lopezek jadanik amaituta ditu bere lanak, eta gaurkoaren zain dago. Berak saio bat irabazi zuen, eta bestea galdu. Gaur Atutxak irabazten badu, multzoko lehena izango da eta Lopez, berriz, bigarrena, eta biak sailkatuko dira. Mugertzak irabazten baldin badu, berriz, hiru jardunalditako denborak hartu beharko dira kontuan eta horren arabera erabakiko da zeinek jokatuko dituen finalerdiak.

Saio berean 15 urtez azpiko dema ere izango da eta bertan Vicente II.a, Etxeberria II.a eta Larrea III.a neurtuko dira. Ligaxkako azkeneko neurketa izango da. Asteburu honetan atseden izango du Zabaletak, baina berak finala jokatzeko txartela ziurtatuta dauka. Beste txartela Vicenteren eta Etxeberriaren artean egongo da.

Bihar, 23 urtez azpiko finalerdiak jokatuko dira Basaurin, 12.00etan. Alde batetik, Atutxa II.a eta Erasun neurtuko dira. Azkenera arte Atutxaren zain egon dira, maila nagusian ere bai baitabil, baina 23 urtez azpikoan ere jokatuko ditu finalerdiak. Maila nagusian eta 23 urtez azpikoetan finalera iritsiko balitz, maila nagusikoa jokatuko luke, eta maila honetakoa Erasunek. Beste finalerdia, berriz, Ohian Larretxeak eta Aratz Mugertzak jokatuko dute. Oso erakargarriak dira bi saioak; zaleentzat oso gustagarriak izan daitezke bi kanporaketak, oso indartsu datozen lau aizkolari gazte baitira, eta batzuk jadanik maila nagusikoak.

Bestetik, aizkolaritzako asteburu bete hau biribiltzeko, bihar 12.30etik aurrera, Azpeitiko zezen-plazan aizkora apustua jokatuko dute Iban Resanok eta Joxe Felix Zubizarretak. Bakoitzak hamar 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta 3.000 euro jokatuko ditu alde bakoitzak. Faborito garbia Zubizarreta da; dirua bere alde nabarmen ateratzea espero da, baina gero saioak berak jarriko du bakoitza bere lekuan. Ikusmin handia piztu du neurketak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo