Sokatira Euskal Herrikoa
Goiherrirentzat izango da lehenengo txapela
J.L.
Lasturren jokatuko da gaur 17.30etik aurrera Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako 680 kiloko azken ekinaldia. Jadanik bi saio jokatu dira, eta Goiherrik txapela ia buru gainean dauka.
Erandiokoek hiru puntu kentzen dizkiete Mutrikuri eta Gaztediri, eta handia pasatu beharko luke Goiherrik sailkapeneko lehen postuan ez amaitzeko. Kirolean ezusteak izan ohi dira, baina tamaina handikoak gutxitan gertatzen dira, eta berdeek lehen postua ia segurtatuta daukate. Emozioa, ordea, bigarren posturako egongo da; izan ere, Mutriku eta Gaztedi berdinduta daude.
Biak jakitun dira lehen postuan amaitzea ia ezinezkoa izango dutela, eta bigarren postuaren bila arituko dira. Bietan lehenengo amaitzen duenak lortuko luke postu hori. Laugarren posturako ere borroka espero da. Getxok puntu bateko aldea kentzen dio Goiherri B taldeari, eta horri eusten saiatuko da, laugarren postuari eutsi ahal izateko. Gaztedi B taldeak, berriz, ia ezinezkoa dauka azken postutik ihes egitea.
Nafarroan, berriz, Lauko Txapelketa ari da jokatzen, eta gaur, 17.00etatik aurrera, Amaiurko pilotalekuan 300 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da. Bertan, Amaiur, Basaburua, Imotz, Txantrea, Kaskailueta, Berriozar, AST eta Amaiur-Urruña neurtuko dira. Amaiurrek jadanik txapela irabazi du, eta pisu honetan ere garaipena eskuratzeko faborito nagusia izango da. Leku berean 290 kiloko kadeteen lehiaketa ere abiatuko da, eta bertan, Txantrea, Basaburua A, Basaburua B, Berriozar A eta Berriozar B neurtuko dira.
Segalariak
Beramendin abiatuko da segalarien denboraldia. Gaur, 18.00etatik aurrera nazioarteko erako ligako lehen jardunaldia jokatuko da. Aurten urte berezia da, abuztuan Eslovenian jokatuko baita Europako Txapelketa eta han arituko den selekzioa lehia honetatik aterako baita.
40 segalarik eman dute izena. Emakumezkoetan 12 arituko dira eta 28, gizonezkoetan. 16 urte bitarteko neska eta mutilek 7x5 metro karratuko saila moztu beharko dute. 16-23 urte bitarteko neskek ere, sail bera moztu beharko dute. 16-23 urte bitarteko mutilek, berriz, 10x10eko saila moztu beharra izango dute. Hortik gorako emakumezkoek, 7x5 metro karratuko saila izango dute, eta mutilek, berriz, 10x10ekoa.
Idi-probak
Gaur, 21.00etatik aurrera, Urdulizko idi-probek jarraipena izango dute, atzo abiatu baitziren. Gaur, Landazabalen, Intziarteren eta Mendiperen idi pareak neurtuko dira. Bihar atseden eguna izango dute, eta astelehenean izango dute jarraipena Illarretaren, Luberriren eta Olidenen idiekin. Asteartea, berriz, azkeneko eguna izango da. Biritxinagaren, Ecometen, Telleriaren eta Ugarteren idiak arituko dira azken egunean. 21.00etatik aurrera izango da saioa.