Benetako iruzurrari aurre egiteko premia
Azken hauteskunde kanpainan zenbait alderdi kezkatuta agertu ziren gizarte laguntzen inguruko iruzurragatik eta horren kontrako neurriak hartu beharra aldarrikatzen zuten. Iruzur fiskalaz, ordea, ez zuten txintik ere esaten, iruzur handiena izanik ere, instituzioek ez ikusi egin edo iruzurra onartzen dutelako. Atzo Hiru, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi zutenez, Hego Euskal Herrian badira garraio kooperatiba faltsuak, Estatuko Garraio Legeak eta EAEko eta Nafarroako Kooperatiben Legeak jasotzen ez duten izendapena dutenak: garraio kooperatiba mistoak. Horiek konkurrentzia desleiala eta merkatuko prezioen desitxuraketa eragiten dute, sektoreko lan baldintzen prekarizazioaz gainera. Halaber, beste kooperatiba faltsu batzuk ere badirela salatu zuten sindikatuek. Euskal Herriko garraio enpresek kanpoan sortu eta enpresa horien menpe jarduten duten kooperatibak dira, eta garraiolari izateko prestakuntza eta baldintzak betetzen ez dituzten lagunak ere erabiltzen dituzte. Enpresa horien zerga-iruzurraz gain, ondorioak langile horien baldintza penagarriak dira, zenbait kasutan esklabotzaren mugan. Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak badute benetako iruzurrari aurre egiteko esparrua, beraien kontrolik ezaz eta are beraiek jarritako erraztasunez baliatzen baitira, besteak beste, ustezko kooperatiba horiek.