GARA > Idatzia > Kirolak

Bolariak, iragan hurbil bateko erromerietako azken erromantikoak

«Lehen jende asko etortzen zen gu ikustera, erromerietan toka eta dantzaldiarekin batera aritzen ginen, baina bakarrik geratu gara». Iñaki Azarola bolari legazpiarraren hausnarketa ez da oso itxaropentsua, baina kirol zahar honek oraindik badu jarraitzailerik gure herri eta auzoetan.

p035_f01_666x666.jpg

Jon ORMAZABAL

Azkenaldian izaten ari garen «-ing» atzizkiaz amaitutako kirol berrien uholdearen aurrean, ziurrenik bola jokoa da Euskal Herrian egun irauten duen kirolik zaharrenetako bat. Bere jatorria zehatz-mehatz zehaztu ez bada ere, badira Araban behintzat, XV. eta XVI. mendeetan, kirol honen praktika nahikoa zabalduta zegoela frogatzen duten dokumentuak. XVII. mendean errotu ostean, XIX. eta XX. mendeetan izan zuen hedapenik handiena.

Loraldi garai horretan, ugariak ziren bolatokiak gure inguruko herri eta auzoetan. Esaterako, Legazpin, larunbat honetan Euskadiko txapelketa jokatuko den herri honetako auzo guztiek (Brinkola, Telleriarte eta Aztiriak) izan dute euren bolatokia, txapelketa jasoko duen erdialdeko Danantzako bolatokiaz gain.

Batzuek kirol honekiko zuten grinaren erakusgarri, Gerardo Lopez de Guereñu Galarraga ikertzaile arabarrak jasotako dokumentuetan aurki daitezkeen altxorren artean daude joko arauak, bolatokien erakuntza mapak, txapelketak... eta apaizek eliza ondoetan jokoan ari zirenei egindako errietak ere biltzen dira, kristauei euren errezoan traba egiteagatik.

Betiere gaur egungo kirol erabat profesionaletik urrun egon arren, mundu honen inguruan ere beti ibili izan dira txanpon batzuk. Jose Ramon Sanz, Gipuzkoako Federazioko lehendakariordeak aitortu duenez, «Hernani aldean ere, ia sagardotegi eta auzo guztiek izan zuten euren bolatokia eta jendea erruz biltzen zen, egun horretako hamaiketako edo askaria jokatzeko». Diru kopuru dezenteak ere jokatu eta jokatzen omen dira jatetxe edo taberna inguruetan eraikitako bolatokietan.

Garai berriak

Egungo egoera oso bestelakoa da, ordea. Inguruaren arabera, modalitate desberdinak daudenez, Euskadiko Federazioak 13 biltzen ditu, ez da erraza gaur egun federatuta bola jokoan aritzen diren euskaldunen zenbakia zehaztea. Federaziotik igorritako datuen arabera, Araban izan dezake indarrik handiena, partaideei dagokionean, behintzat, kirol honetan era nahiko erregularrean 1.400 lagun ibiltzen baitira; Bizkaian 800 inguru lirateke, eta 500 bat Gipuzkoan. Bestelakorik eman dezakeen arren, emakumezkoak ere aritzen omen dira, hain «gizonezkoen kirola» dirudien honetan. Jose Ramon Sanzen esanetan, «dozena bat inguru aritzen dira bola jokoan Gipuzkoan; eta oso onak dira, gainera».

«Gehienak adinean gora joandakoak gara, guk taldean baditugu bi nahiko gazteak; baina atzetik datorrenarekin zalantzak ditut. Ez dakit zer gertatuko den, Legazpin arrakasta handia izan du, baina kolokan ikusten dugu hemendik urte batzuetara». Juan Pedro Agirrek gaineratu zuenez, Legazpikoa da taldekako txapelketan bi ateratzeko gai den bakarra. «Lehen hiru ere ateratzen genituen, baina beheraka goaz».

EAE mailan jokatzen den txapelketa bakarra «bolatoki» deritzoten modalitatean jokatzen da. Legazpiko Danontzako taldeko Iñaki Azarolak azaldu zuenez, sailkatze fasean 67 lagun aritu omen dira Gipuzkoan. Kontuan izan behar da, herrialde honetan bertan, «euskalkiekin gertatzen denaren antzera», desberdintasun handiak daudela mendebalde eta ekialde artean. Deba arroaren inguruan «Hiru Txirlo» modalitatean aritzen dira, batez ere.

Kirol guztiek bezala, bola jokoan ere entrenamendua behar-beharrezkoa da eta orain gutxi eraberritutako Danontzako bolatokia gainezka egon da azken egunetan. Herriko taldekoak ia eguerdiro egiten dituzte euren saioak eta txapelketa eguna hurbildu ahala, bertan entrenatzeko tartetxo bat topatzea ez da erraza izaten. «Aste guztian gerra izan dugu bolatokian. Ategorrietan orain hiru urte txapelketa egin zenean, gaueko hamarretan bizkaitarrak bidali ezinda ibiltzen ziren; bota eta bota, ez dira aspertzen», azaldu zuen Iñaki Azalorak.

Danontzako taldeko esperantzak German Gereñu eta Jose Antonio Ugartebururengan daude jarrita. «Bolatokia ezagutzea beti da abantaila pixka bat, baina gutxienez, gipuzkoarrek ondo ezagutzen dute bolatoki hau nolakoa den. Hala ere, ikusi ditugu entrenatzen eta badaude ondo aritzen direnak. Bolatokien desberdintasunagatik, uste dut guri zailagoa zaigula han botatzea eurei hemen baino», azaldu zuen Juan Pedro Agirrek.

Bihar banatuko dituzte Euskadiko txapelak legazpin

Lehiaketa mailan, bihar izango da EAEko urteko zitarik garrantzitsuena Legazpin. Orotara 46 bolari arituko dira, goizeko zortzietatik aurrera, Urola Garaiko herri honen erdialdean kokatutako bolatokian. Aurreko hilabeteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sailkapen faseak egin dituzte, eta herrialde bakoitzeko hamabost onenak arituko dira eta arabarrek ordezkari bat gehiago izango dute, Angel Luengas aiararrak txapela defendatzeko aukera eskuratu baitzuen iazko garaipenarekin batera. Gerta daitezkeen hutsuneak betetzeko zenbait ordezko ere gerturatuko dira, orotara 60ren bat.

Juan Pedro Agirre antolatzaileak azaldutakoaren arabera, «zozketaren bitartez erabakitako hurrenkeraren arabera, bi tiraldi egongo dira eta `pareorik' -berdinketarik- egonez gero, beste bat egingo litzateke, hirugarrena, horien artean». Lehia amaituta, denek elkarrekin bazkalduko dute festa giroan. J.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo