GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalaren azpijokoak salatu ditu Arrosadiko Jai Batzordeak

Arrosadiko festetako jai eremua Galle plazan paratzeko eskaera apirilean egin bazuten ere, ezustekoa jaso zuten txosnak eta agertokia muntatzen hasi zirenean, udaltzainek plazako tarte txiki batera mugatzera behartu baitzituzten. Azken orduko aldaketak ezarri behar izan badituzte ere, Arrosadian jai giroa nagusi izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.
p015_f02_148x108.jpg

Martxelo DÍAZ |

Beste behin, Iruñeko Udalaren oztopo eta azpijokoak salatu ditu Arrosadiko Jai Batzordeak, gaur, 20.00etako txupinazoarekin hasiko diren auzoko festetako jai eremua antolatzeko trabak jarri dizkielako.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jai eremua Galle plazan kokatuko dute aurten, batzordeak egindako lanari esker. «Lorpen handia da, azken urteotan izan ditugun zailtasunak kontuan izanik. Azkenean, auzokideon nahia Udalaren inposaketari gailendu zaio; horrek hiriaren kanpoaldean nahi gintuen», azaldu dute.

Halere, Galle plazan txosnak, agertokia eta komunak paratzen ari zirenean, ezustekoa izan zuten. Apirilean, jai eremua antolatzeko planoa Udalean aurkeztu bazuten ere, asteartean muntaketa lanean hasi zirenean, udaltzainak agertu ziren, eta eremua beste modu batean antolatu behar zutela esan zieten eta aldatzera behartu zituzten.

«Antolaketa honekin plaza ez da behar bezala aprobetxatzen eta ekitaldi batzuk aldatzera edota bertan behera uztera behartu gaitzake. Kontuan hartzekoa da jende guztia plazaren txoko batean pilatuko dela, komunak, txosnak eta agertokia lekua berean baitaude», nabarmendu dute.

Jai Batzordeak apirilean aurkezturiko eskakizunean txosnek, komunek eta agertokiak Galle plazaren hiru alde okupatzen zuten, eta erdigunea libre uzten zuten.

Asteartean udaltzainek eraman zuten planoan, berriz, plazaren bi aldetan baino ez dira pilatzen azpiegitura guztiak. Plano horretan bertan azaltzen denez, ez dago toki nahikorik, agertokia txosnen gainean kokatu beharko lukete. Komunak, gainera, txosna baten ondo-ondoan jarri dituzte.

«Ez dugu negoziatzerik izan, udaltzainek etengabe erantzun baitute aginduak bete baino ez zutela egiten; alegia, Patxi Fernandezen aginduak [Udaleko Herritarren Segurtasuneko alorreko zuzendaria]. Hori gutxi ez eta, Herritarren Segurtasuneko alorrera deitu dugunean, arduradun hori oporretan dagoela esan digute eta bera itzuli arte ezin dela deus aldatu», gaineratu dute.

Arrosadiko Jai Batzordeko kideek GARAri adierazi diotenez, azkenean Patxi Fernandezekin telefonoz hitz egiteko modua izan zuten atzo goizean, oporretatik itzulia omen zelako. Halere, ez zuten haren jarrera aldatzerik lortu. Auzoko jaietan Udalak txosna bakarra nahi duela esan zien, horrela dirua festen antolatzaileentzako baino ez dela izango ziurtatzeko.

«Guk argi dugu gizaseme hauei hiru gauza baino ez zaiela inporta: haien poltrona, soldata handia eta hautapen libreko karguen dietak. Oso argi dugu era berean, gurekin soilik hauteskunde garaian oroitzen direla. Espero eta desio dugu datorren udalbatzak aurreko lege- gintzaldietan egindako akatsak zuzenduko dituela eta harreman normalizatuagoa ahalbidetuko duela bizilagunen eskariei erantzutean», erantsi dute Jai Batzordeko kideek.

Horiek horrela, aurreikusiak zituzten hiru txosnetatik, bi baino ezin izan dituzte jarri antolatzaileek, Udalak ezarritako eskaera berriak bete ahal izateko.

Egitaraua aurrera doa

Halere, Udalaren trabak traba festarako gogoak hor jarraitzen duela esan, eta prestatu duten egitarauarekin gozatzeko deia egin dute antolatzaileek. Hauen artean, bihar izango den kalderete txapelketa edota igandean egingo den Arrosadiko babarrun jatea aipatu dituzte. Igandean ere hamarretako herrikoia egingo dute Isaac Albeniz kalean, eta nazioarteko askaria, Galle plazan. Arrosadira inguratzen denak ez du, beraz, etxera gosez itzultzeko arriskurik izango.

Musikak ere toki berezia izanen du Arrosadiko jaietan. Horrela, gaur, 22.15ean, jai eremuan Brigada Improductiva, Siroka eta Vendetta taldeen emankizunarekin gozatzeko parada izango da. Bihar Garraxi taldearen doinuek berbena animatuko dute 22.00etatik aurrera eta igandean 20.00etan Sorkunen kontzertua izango da.

Igande eguerdian, berriz, Arrosadia Kantuz ekimenari esker, auzoko kaleak euskal doinuz beteko dira.

Zezensuzkoak ere izango dituzte auzoko txikiek, eta kart-etan eta puzgarrietan ibiltzeko aukera ere ez da faltako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo