GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Antiguedad | EHUko irakaslea

Eltzea sutan jartzeko garaia

Pedagogiko izan behar, are gehiago gobernutik, eta pragmatiko ere, pragmatismo iraultzailea esango nuke nik, horren alde positiboa defendatuz. Izan ere, helbidetik arinago joan nahi izateak ez du zertan ekarri helburura lehenago heltzea

Maiatzaren 22ko gau- ak utzitako argazkia argia da; baliatzekoa. Boto-kopurutik boto-emaileetara bueltatzekoa. Eta ez bakarrik plano politikoan. Izan ere, tamaina desberdineko udal asko, eta, batek daki! diputazio bat bera ere, gobernatu ahal izateak oso aukera politak zabaltzen ditu aldaketak bideratzeko; batzuk berriak izango dira, eta beste batzuk lehendik datozenak baina orain instituzio horiek bultzatuta. Aldaketak, finean. Gaur indarrean den eredua (soziala, ekonomikoa, ingurumenekoa, lurraldekoa, demokraziarena... eredua, azken batez) hainbat eta hainbat gauzetan tokitik aldatzen bultzatzeko. Hortaz nire burutazioak.

Aukerak eta arriskuak batera ohi doaz. Bertsolaria gogoan: sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Eta orain, eraldaketen bidean, era askotako aldaketak aldarrikatzen ditugunon eltzea suan da, bilduz sortu dugun suan izan ere. Protestak bazter utzi gabe proposamenak inoiz baino beharrezkoagoak dira, honetaz eta hartaz, zaharrak gaurkotu eta berriak plazaratu, baina proposamen landuak, errealak, tekniko-politikoak, herri-eragileen eta instituzio horien esku-hartzeaz tentuz bultzatu eta garatzekoak. Ardurak ez dira berak izaten, aukerak eta arriskuak ere ez, gobernuan eta oposizioan, eta, nago ni, gobernuan egonda probatzen dela ondoen herrigintza ulertzeko era, kudeaketa egiteko moldea eta aldaketon norabide egokia. Pedagogiko izan behar, are gehiago gobernutik, eta pragmatiko ere, pragmatismo iraultzailea esango nuke nik, horren alde positiboa defendatuz. Izan ere, helbidetik arinago joan nahi izateak ez du zertan ekarri helburura lehenago heltzea.

Gaur instituzio horietatik egin beharreko politikak, gobernutik zein oposiziotik, ezin dira orain hainbat urte egin ziren berak izan, gauza batzuek bere horretan mantendu behar badira ere, jakina. Oraingo erronkak sakonagoak dira: aldaketak uztarrian bultzatu. Sozialean, ekonomikoan, ingurumenekoan, demokrazian... bestelako bideak ibili daitezkeela eta ibiliko direla probatzeko garaia; herriz herri, eskualdez eskualde, jakitun egonda zein den instituzio bakoitzak dituen erabaki-aukerak, baina jakinda ere lekuko erabakiek gaur gauzatu ditzaketen aldaketa txiki askok zabalduko dietela bidea eremu zabalagoan bihar-etzi izan daitezkeen aldaketa handiei. Hortaz, inoiz baino gehiago, espazio-tarte eta denbora-epe desberdinetako ekimenak behar dira bide-orri batera bildu, urrats bakoitza bere testuinguruan ulertua izateko.

Udalen argazki berriak utzi duen kolore-banaketak beste ate bat zabaltzen du. Eskualde asko, lau herrialdeetan gainera, berdez ageri zaizkigu. Bada garaia, behingoz, aldaketak behar ditugunok eskualdeei merezi duten errekonozimendua ematekoa. Gainditu dezagun udalkeria, udalerriak eskualdera bilduz. Hamaika sektore-politikak horixe eskatzen baitu aldaketen lurralde-esparru egoki modura: energia, garraioa, ura, elikagaiak, zerbitzuak, hedabideak, industrialdeak... asko dago egiteko baina gehiago birpentsatzeko. Eskualdeetan da aldaketen oinarria! Irudimena agintari! Udalerri biziak eskualde bizietan!

Aurreko guztia lotzen dut nik Gipuzkoan, batez ere, sortu den azpiegituren inguruko kontuarekin. Kontua esan dut, ez kudeaketa. Azken batean, kudeaketa erantzuna da, ondorioa; baina lehenagokoa da benetako galdera: zergatik eraiki? Zergatik horrela? Mamuak kaleratu dituzte batzuek, berez «estrategiko» denaren kontra egingo baitu aldaketak gauzatu nahi dituen formazio politiko nagusiak. Lotsagabeak! Ez da munduan proiektu estrategikorik horren atzean direnek estrategiko izendatu duten arte, interesak interes, mundu-ikuspegia mundu-ikuspegi. Kontua da gurean, tradiziozko handikeriaz, zementuzkoa eta handia den guztiari berez esaten zaiola estrategiko, behin betiko estrategiko, gainera, bideragarritasun sozial, ingurumeneko eta ekonomikoaren suan probatu gabe ere. Eta krisia krisi, erdira jaitsi behar izan badute azpiegitura baten aurrekontua eta azalera, Pasaiako kanpo-portua kasuko, berdin da, hasieran beste estrategiko izaten segitzen du, erdi-estrategikora jaitsi gabe ere. Estrategikoaren bakteriak jota daude!

Bada ez, azpiegituren estrategikoa aurretik den gizarte, lurralde, oro har garapen-ikuskeraren ondorioa da, beronek agintzen baitu zer den estrategiko, arrazoiaren suan probatua, betiere, eta zer ez. Ikuskera oso desberdinak direnez, estrategikoan nork berea. Hortxe datza aldaketen muina! Pentsamolde bakarretik ihes egiten duen ikuskera desberdinduan! Hortaz, kasuko, atez atekoa da estrategikoa hondakinen politikan; are gehiago, argazki berrian Gipuzkoako mankomunitateak berak ere birziklatu behar diren honetan.

Garai berria dator, ikasi eta eragiteko, eltzea sutan jartzeko. Aldaketen bide-orrian aukerak eta arriskuak arduraz kudeatzeko. Udaletik zein Diputaziotik behar den trantsizioa, neurriko abiaduran betiere, publikotik bideratzeko. Proposamenak eta protestak. Larunbatean Arrasaten AHTren aurka. Arrazionaltasun estrategikoa proposatu eta aldarrikatzeko. Aldaketa posibleen atarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo