GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Lehiaketako finala

Atutxak eta Lopezek begiz jota dute lehen txapela

Nafarra eta bizkaitarra datorren igande eguerdian neurtuko dira Azpeitian, 12.00etatik aurrera.

p040_f01_199x121.jpg

Jon LEUNDA

Juanjo Lopez eta Aitzol Atutxa izango dira igandean 12.0etatik aurrera Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den Urrezko Aizkorako maila nagusiko bi finalistak. Bientzat lehen aldia izango da, eta Lopezen eskarmentua eta Atutxaren gaztetasuna eta freskotasuna uztartuko dira.

«Gustura nago. Agian ez nago pasa den udan eta udazkenean nuen puntu horretan, baina orokorrean ongi nago», adierazi du Juanjo Lopezek. Atutxa ere ez dago gaizki. Pasa den igandean 23 urtez azpiko finala irabazi zuen, eta bera ere lehen final handirako pronto dago. «Niretzat 23 urtez azpikoa irabaztea helburu bat zen, baina ez maila nagusiko finalean izatea. Uste dut lortutakoarekin oso gustura nagoela, eta galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin noala. Nire burua ongi ikusten dut», nabarmendu du aizkolari bizkaitarrak.

Finalari begira, bietako inork ez du uste iraupen probara bitarte garaipena erabakiko denik. «Aurretik zaila da alde handiak ateratzea. Dena dela, zutik jarrita orain enbor handiagoak daude, eta agian horiek zerbait erabaki dezakete. Amaierara dezenteko aldearekin helduz gero, beti errazagoa da, baina uste dut amaieran erabakiko dela», dio Lezaungoak.

Atutxa ere amaieran erabakiko delakoan dago. «Aurretik lan handiagoa dago, baina uste dut iraupen proban erabakiko dela», dio. Izan ere, aurretik dena ematerik ez dagoela uste dute bi finalistek. «Amaierakoa lan luzea da. Aurretik dena emanda iristen bazara, amaiera oso luzea egin daiteke. Zerbait gorde beharra dago», dio Atutxak.

Tarte gehiago errekuperatzeko

Igandean hiru final izango dira, eta horrek aizkolariei geldirik egoteko tarte gehiago emango die. Hori mesederako izango dela uste du Lopezek. «Lan ezberdinak dira, baina orokorrean oso azkarrak. Beraz, betekada azkar heltzen da. Lan batetik bestera tarte gehiago izanda errekuperatzeko, hobe da guretzat. Gu lan luzera gaude ohituta, eta abiadura proba hauetara ohitzea dezente kostatzen zaigu», dio Lopezek.

Lopez da bietan beteranoena. Gainera, Lezaungoak berak onartzen duenez, azkenaldian bere kirol bizitzako unerik gozoenetakoak bizitzen ari da: «Iaz Urrezko Kopa irabazi nuen, eta Nafarroakoan eta Euskal Herrikoan ere bikain ibili nintzen. Orain Urrezko Aizkorako finalean nago. Nik uste dut oso une onean nagoela».

Lopez lasai eta bere buruarekin seguru dago. «Aurrez esan bezala ez nago nire punturik onenean, espero dut hemendik hilabetera edo hilabete eta erdira egotea, baina, hala ere, finalean sartu naiz. Nik badakit nire lana ongi egiten baldin badut irabazteko aukera asko izango ditudala, eta horretan saiatu behar dut», esan zuen.

Nahiz eta zale askok Atutxaren aldeko joera agertzen duten, bizkaitar gazteak ez du uste bera izango denik faborito. «Ni faboritoa bera delakoan nago. Egia da ligaxkan elkarren aurka neurtu ginela eta irabazi egin niola, baina uste dut hau final bat dela, eta gauzak ezberdinak izango direla. Horregatik, ez dut uste erreferentzia hark balioko duenik», nabarmendu du.

Bientzat Urrezko Aizkorako lehen finala izango da. Ilusioz gainezka dira, baina finalak jokatzen ohituta ere badaude, eta, alde horretatik nahiko lasai daude. «Azkenaldian final dezentetan ari naiz sartzen, eta ohitzen ere ari naiz. Irabazteak beti ilusio handia egiten dit, eta Urrezko Aizkorako final bat lehen aldiz irabaztea handia litzateke», dio nafarrak.

Bizkaitarra ere nahikoa ohituta dago. Pasa den astean 23 urtez azpikoa, eta orain maila nagusikoa: «Finalak jokatzeko ederrak dira, baina, lehen esan bezala, hemen egoteak ezustean harrapatu nau. Ez zegoen helburuen barruan, baina behin hemen sartuta irabazi egin nahi dut. Txapelketa bi txapelekin amaitzea handia litzateke». Auzia igandean erabakiko da, eta, gertatzen dena gertatzen dela, irabazten duenak lehen aldiz jantziko du Urrezko Aizkorako txapela.

aurrekariak

Bi aizkolariak final-laurdenetako ligaxkan neurtu ziren elkarren aurka, eta orduan Atutxak irabazi zuen. Oraingoan, ordea, orduan baino lan luzeagoa izango dute.

Bizkaitar bat, lehen aldiz finalean

Orain arte nafarrak eta gipuzkoarrak izan dira finaletan, baina igandean, lehen aldiz, bizkaitar bat izango da. Txapela lortzen badu, horrenbestez, estreinakoa izango da Bizkaiarentzat.

Atutxak, ordea, orain arte inork lortu ez dituen beste zenbait gauza ere lortuko ditu. Izan ere, bera da, 22 urterekin, orain arte maila nagusiko Urrezko Aizkorako finala jokatu duen aizkolaririk gazteena; irabazten badu, hortaz, txapeldun gazteena ere izango da. Orain arte 23 urtez azpiko lehiaketan aritutako inork ez du lortu onenekin finalean aritzea, eta berak hori ere lortu du; garaipena lortzen badu, bi txapelak urte berean irabazten dituen lehena izango da.

Zaleek Atutxarengan itxaropen handiak dituzte jarrita. Euskal Herriko Lehen Mailako finalean sartzetik oso gertu izan zen iaz, eta badirudi aurten beste urrats bat eman duela: «Jendeak animoak ematen dizkit. Nik egingo dugula esaten didate, eta hori poztekoa da, beti ematen du indarra». Aitzolek, gainera, gauzak oso garbi dauzka: «Bai aitak, eta baita Larreak ere, nire bi entrenatzaileek, garbi esaten didate gauzak astiro-astiro egin behar direla, presarik gabe, eta horretan ari gara. Uste dut ongi ari garela, gustura nago, eta, emaitzak, etorri behar badira, etorriko dira».

Orain arte jadanik gauza asko lortu ditu. Bizkaian gainerako aizkolariei koska bat kentzen die, nahiz eta oso gaztea izan. Hala ere, badaki hori ere lana eginda lortu duela, eta bide beretik jarraitu behar duela. Askok diote laster lor dezakeela Euskal Herrikoa ere, baina berak ez dauka presarik. «Euskal Herrikoan ikaragarrizko mailako aizkolariak daude. Txapela lortzea oraindik oso zail ikusten dut. Badakit jendeak zer esaten duen, baina, lehen esan bezala, nik lanean jarraitu behar dut, orain arte egin dudana egiten, eta emaitzak helduko dira», dio Aitzolek. Aurten Binakako txapela ere lortu du Azurmendirekin. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo