GARA > Idatzia > Euskal Herria

Giro bero-beroa Zarautzen, aurten denek bat eginik antolaturiko sanpelaioetan

Ostiralean jaurti zuten Zarautzen txupinazoa, eta ordutik ez du etenik izan bertako jai giroak. Aurten bada berezitasunik, aurrenekoz Udalaren jai egitarauan ageri baitira Gurekin Jai batzordearen proposamenak. Iñurritzako Jai Batzordearenak ere bertan dira, nola ez, euren auzoko patroiak ematen baitie izena herriko festa kutunoi. Uda giro ederrean eta itsasoaren freskotasuna lagun, «herritik herriarentzat» izateko asmoz prestatutako jaietan dira.

p025_f02_2.jpg

Ana ABARIZKETA |

Bero-bero ekin zieten ostiralean herriko patroiaren omenezko jaiei, sanpelaioei. Eta atzo itsasoaren freskotasunaren babesean elkartu ziren jai gosez ziren herritarrak, egun lasai-lasaia pasatzeko asmoz inguruko herrietatik gerturatutako eguzkizaleak, bai eta kilometro andana eginez Gipuzkoako kostaldean kokatuta dagoen herri arras ezagunaren txokoak ezagutzera gerturatutakoak ere.

Parrandazaleak dira, ordea, protagonista nagusiak egunotan. Aurten bada berezitasunik gainera; izan ere, Udalak -Bildu koalizioko Juan Luis Ilarramendi da alkate berria- kaleratzen duen egitarauan Gurekin Jai ba tzordeak parte hartu du, orain arte kanpo gelditu izan baita beti. Beraz, aurten aurreneko aldiz Iñurritzako Jai Batzordearen, Udalaren eta Gurekin Jai batzordearen programak bat egin eta guztiek bakarra plazaratu dute. Horren harira, Gurekin Jai batzordeko kide Ainitze Muniozgurenek adierazi duenez, aldaketa, egitarau bateratua, oso positiboki baloratzen dute; horrela, batez ere, «herriko festa batzorde ezberdinek egin dezaketen lana babesten delako».

Aipatutako jai batzorde hau buru-belarri aritzen da herriko jai nagusiak prestatzen, eta «festa herrikoien apologia egitea» dute helburu; «Herritik herriarentzat» dioen lelo horri forma eta kolorea ematea, alegia. Batzorde honen sorreran txosnetara soilik dedikatzen zen lan talde bat zegoen. Duela 10-13 urte txosnagunetik haragoko egitarau bateratu bat sortu beharra zegoela ikusi zutela azaldu du Muniozgunenek; hortik sortu zen festa batzordea. «Honek bere ibilbidea egin du, eta esan daiteke gaur egun erreferente bat izatera heldu dela, festei dagokionez», dio.

Batzarren bidez funtzionatzen dute eta 25 bat lagun biltzen dira, «gauza txikietan» parte hartzen duten guztiak kontuan hartu gabe.

Egunotarako prestatu dituzten ekintzei erreparatuz, gaur preso eta iheslarien eguna ospatuko dute, eta bazkaria egingo dute beraien alde. Kalejira eta kontzertuak ere izango dira. Bihar, berriz, gay eta lesbianen eguna izango da txosnetan. Goizean itxita egongo dira, atsedenaldia ondo baino hobeto etortzeaz gain, beharrezkoa ere izaten da eta. Arratsaldean «Gona eta minifalda» lelopean manifestazioa egingo dute; eta iluntze aldera antzerkiak ere bere lekutxoa izango du, Drag Queen Show-arekin. Gizartean errotuta dauden rolen inguruko parodia izango da.

Oilasko biltzea

Gurekin Jai batzordeaz gain, Iñurritza Jai Batzordea ere lan eta lan ibili da festak antolatzen. San Pelaio, izatez, Zarauzko Iñurritza auzoko patroia baita, herri osoan ospatzen den arren.

Asier Altuna da, aitonaren legatuari jarraituz, auzoko jaiak prestatzen parte hartzen duenetako bat. Iñurritza Jai batzordeak ohitura zahar dezente mantentzen ditu, eta horietako bat da «Oilasko biltzea». Bihar goizean goiz altxatuko dira, 6.00etan, eta baserriz baserri joango dira, «dantza sinple-sinple» bat egin eta ordainean hurrengo eguneko bazkaria ordaindu ahal izateko dirua jasotzeko asmoz.

Duela urte batzuk, diruaren ordez oilaskoak eskatzen zizkieten baserritarrei bazkari eder bat egiteko. Batzordearen izena ere Mutil Ardo zen, orain dela bi urte aldatzea erabaki zuten arte. Iñurritzan janaria behintzat ez da faltako, baratxuri-zopa, ardoa eta gazta, gibel-jana eta beste hainbat mokadutxo eskainiko baitituzte; ez da komeni eta hainbat ohitura zahar galtzea. Janaria erromeria, musika eta herri kirolez nahastuko dituzte, beraz.Laburbilduz, jai bete-beteak Zarautzen egunotan; ondo pasa nahi duenak hor dauka aukera.

KAXUELITAK

Zarauzko malekoian kokatuta dagoen txosnagunean, kaxuelitak jarri dituzte. Urtero partitzen dituzten ogitartekoez gain, beraz, eskaintza berria dakarte aurten. Horretarako, «jangela moduko bat» prestatu dute Gurekin Jai batzordekoek, kontzertuak hasi bitartean nahi duenak mokadutxo bat egiteko aukera izan dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo