GARA > Idatzia > Kultura

Iruña-Veleia aztarnategia «sinbolikoki» itxi zuten atzo, lanak utz ditzaten eskatzeko

p053_f01_148x092.jpg

M. LARRINAGA | IRUÑA OKA

SOS Iruña Veleia plataformak eta Arabako Iruña Argitzeko Batzordeak itxiera sinbolikoa antolatu zuten atzo aztarnategiko ateak itxiz, epaiketa amaitu arte lanak erabat utzi behar direla uste baitute. Hala, kartoi finez egindako giltzarrapo bat jarri zuten ateetan.

SOS Iruña Veleiak eta Arabako Iruña Argitzeko Batzordeak atzo antolatu zuten itxiera soilik sinbolikoa bada ere, argi uzten du defendatzen dutena. «Hau guztia argitzen ez den bitartean aztarnategia ixtea», azaldu zuen Maritxu Goikoetxeak, SOS Iruña Veleiako kideak. «Analisiak egitea eskatzen dugu ostraka horiek noizkoak diren argitzeko», gehitu zuen.

Gainera, analisi horiek afera honekin zerikusirik ez duen laborategiren batek egitea eskatzen dute; Guardia Zibilaren laborategienaz gain, independentea eta gaian aditua den beste norbaiten iritzia nahi baitute. Izan ere, Goikoetxeak azaldu zuenez, Europako batek ostraka horiek antzinakoak direla ziurtatu dezake, nahiz eta sortu zeneko data zehatza zein den ezin duten zehaztu.

«Argitu egin behar da»

Atzo egindako ekimena bi arrazoi nagusik bultzatuta egin zuten. Alde batetik, topaturiko zenbait ostrakaren analisiak egiteko eskaera egin zuen Gilek eta 1. Instrukzio epaitegiko epaileak -Aldundiak Eliseo Gilen kontra aurkeztutako kereilaz arduratzen denak- eskaera onartu zuen orain ia urtebete -joan den uztailean, zehazki- horiek egiazkoak ala faltsuak diren argitu ahal izateko. Gaur egun, ordea, oraindik ez da eskaera hori bete. «Ez dugu ulertzen zergatik ez diren oraindik pieza horiek iritsi. Gaur egun Bibat museoan daude, eta ez dakigu zergatik». Gaia argitzeke dagoenez, «ez dugu egoki ikusten ostrakak egiazkoak diren ala ez jakiteko froga gehiago eman diezagukeen leku hori ukitzea».

«Ez da jakin, ez da frogatu, ez da faltsukeriaren zantzurik topatu. Ez du logikarik, egoera horretan baldin badago, aztarnategian lanean aritzeak. Aldundiak ere ez du froga txikirik ere eman, baina oraindik ere ez dakigu faltsukeriarik egon den ala ez. Hori guztia argitu egin behar da lanean jarraitu aurretik. Izan ere, aztarnategi hori guganaino iritsi bada, ia 2.000 urteren ostean, ukitu ez delako izan da, halako leku bat ukitzen den unetik aurrera, hainbat informazio betiko galtzen baita», esan zuen Goikoetxeak.

Lan horiek Iruña-Veleiako zuzendari berriak gauzatu zituen epaiak analisi horiek egitea onartu zuen hilabete berean. Hala, atzo azaldu zutenez, hondea-makina sartu zuten indusketan eta eremuaren %3-5 «suntsitu» dute. Bi elkarteen hitzetan, makinarekin 50 zentimetroko sakonerara iritsiko zirela esan zuen zuzendaritzak, baina metro eta erdiko sakonerara iritsi ziren, antza. «Harlauzen gainean zegoen guztia suntsitu zuten: altuago zeuden hormak, zoruetan zeuden hondakin arkeologikoak... Gainera, dena zuzenean zabortegira eraman zuten, erritmo ezin arinagoaz: zortzi minuturo kamioi bat, alegia».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo