GARA > Idatzia > Euskal Herria

Dergi espainiaratzea «prozesuarentzat traba» litzatekeela diote 120 hautetsik

p013_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Daniel Dergiren euroagindu eskaeraren karietara, jite askotariko hautetsiek agiria sinatu dute «prozedura deuseztatzea eta euroaginduaren erabilpen politikoa ez egitea» eskatuz, eta «Euskal Herriko gatazkaren konponbidean bere engaiamendua eta parte hartzea» azalduz.

Cahorsen baldintzapeko askatasunean bizi den hazpandarraren kontra prozedura abiatu izana «zuzengabea eta amorruzkoa» dela diote, Estatu frantsesean leporatzen zaizkion akusazioak «jada preskribatuak beharko luketela» gogoratuta.

Ehun eta hogeita lau sinatzaileek -tartean bi europarlamentari, diputatu bat, hiru Akitaniako kontseilari, beste hiru kontseilari nagusi, 24 auzapez eta dozenaka zinegotzi- ez dute zalantza izpirik ere Madrilgo eskaeraren «izaera politikoaz» eta konbentzituta daude bi estatuek hiritartasun frantseseko euskal militante bat entregatuz «aurrekaria sortu nahi» dutela.

ETAk su-etena berretsi duelarik, «Euskal Herriko egoera hobetzeko, une hauetan lasaitasun keinuk beharrezkotzat» jotzen dituzte. Alta, beren iritziz, Dergiren kontrako euroagindua ez doa ildo horretatik. Are, «probokazio larria eta abian den prozesuarentzat traba» dela uste dute sinatzaileek.

Elkarretaratzeak

Hain zuzen ere, asteazkenean Agenen epaituko dutenarekiko elkartasunez elkarretaratzeak izan ziren atzo Baionan, Maulen, Donibane Lohizunen, Senperen, Uztaritzen, Hazparnen, Hendaian, Donibane Garazin eta Urruńan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo