GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Leitzako alkateak eta bi bizilagunek inputatuta jarraitzen dute, jazarpen estrategiaren ondorioz

Leitzako alkate Oier Eizmendik eta Saioa Iraola eta Lurdes Juantorena herriko bizilagunek «terrorismoa goratzea» leporatuta deklaratu zuten atzo Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Auziak ez du ez buru, ez hanka juridikorik; hala ere, inputazioari eutsi zion epaileak. Ez dira berriak akusatuaren asmoaren gaineko ustean oinarritutako auzipetzeak, ezta ondorengo ebazpen zigortzaileak ere. Eta ez da analisi sakonik behar horrelako jokaerak jazarpen estrategia baten araberakoak direla ondorioztatzeko, ezkerreko mugimendu subiranistaren aurkako estrategiaren ildokoak, hain zuzen. Azken garai honetan Bildu koalizioa «kutsatu» gisa agerrarazten ahalegintzen da estrategia hori, baina gero eta ageriago uzten du Estatu espainolak lehia demokratikorako duen gaitasun eskasa. Hamaika erakunde politiko eta sozial legez kanpo ezarri, hedabideak itxi, dozenaka lagun kartzelatu izan dituzte «kutsaduraren» tesi maltzurra erabilita, eta hari eusten diote oraindik ere, normalizazio demokratikoaren beldur. Ez Bildu, ez Leitzako alkatea, ez herriko beste bi bizilagunak ez daude kutsatuta, jazarpen estrategia horrek kutsatzen du dena, eta Auzitegi Nazionalaren jokaera da horren erakusgarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo