Ganix Gesalaga Fernandez | Gurekin Jai batzordeko kidea
Euskal Jaiak 2011
Beste behin ere, Poliziaren presentzia itogarria izan da txosnagunean, jasanezina bilakatzeraino. Edozein txikikeria nahikoa dute festa hauek antolatzen ari garenok probokatzeko
Iritsi zaigu iraila, eta honekin batera, euskal astea. Urtero bezala Zarauzko Gurekin Jai-k egitarau parte hartzailea osatu nahi izan du gaurko egun handirako. Aurten ere txosnak Arrona zaharreko aparkalekuan izango ditugu eta eguerdiko hamabietan irekiko dira. Bertan ordu biak aldera karroza lehiaketa izango dugu, herriko gazte eta helduek beraiek apaindutako karroak gerturatu eta desfile baten ondoren sari banaketa izango delarik. Ondoren, gaztetxean egingo dugu bazkaria, bertan jan nahi duen orok izena eman dezala gaztetxean bertan. 19.00etan manifestazioa burutuko dugu musika plazatik txosnagunera, «Gazteok independentzia eta sozialismoa» lemarekin. Eguna ondo amaitzeko, erromeria aparta izango dugu goizaldera arte, Ingo al deu taldearen eskutik; beraz, badakizue Euskal Jai herrikoi parekide eta parte hartzaileaz gozatu nahi izanez gero, etorri txosnagunera.
Kontuan izan behar dugu dena ez dela festa izan azken egun hauetan. Aurten ere oztopo batzuk izan ditugu eta ezin dira salatu gabe utzi. Lehenik eta behin, gure egitaraua aditzera emateko jarri genituen kartelak hormetatik kenduak izan dira, bertan izar bat eta Eduardo Chillidaren logotipo aski ezagun bat (amnistiarena) agertzen zirelako. Bi logotipo hauek legez kanpokoak direla argudiatuz kartel gehiago ez jartzeko gomendioa eman ziguten, edo bi marrazkiak tapatuta jartzeko. Gure ustez bi logo hauek guztiz zilegi dira edozein karteletan agertzeko. Eraso honen aurrean, Gurekin Jai-k erabaki du karteletan agertzen diren beste logotipoak ere ezabatzea, ez baitugu onartzen bi marrazki horien ilegaltasuna. Bestetik, ostiralean, txosnen irekiera egunean, agertokian jarri zen pankartak ere amnistiaren marrazkia zeraman. Autoritateak ez zuen denbora asko behar izan dei bat egiteko, pankarta hori guk kendu ezean, beraiek etorriko zirela esanaz. Istilurik ez gertatzeko, geuk jaitsi genuen pankarta eta tapatu egin genuen. Gau berean ere ertzainen autoa txosnagunera sartu zen bertakoen festa giroa zapuztuz. Astelehenean patchwork-a zabaldu genuen lehortzeko asmoz, jakina da bertan agertzen diren argazkiak debekatuak izan direla, baina tela zati hau zabaldu orduko berriz ere agertu zen Polizia. Beste behin ere, Poliziaren presentzia itogarria izan da txosnagunean, jasanezina bilakatzeraino. Edozein txikikeria nahikoa dute bertara gerturatu eta festa hauek antolatzen ari garenok probokatzeko. Lerro hauen bitartez ozen salatu nahi dugu festak lasai eta patxadaz igarotzea nahi dugula, baina honelako errepresioarekin ezin dugula jarraitu. Ez dugu sanpelaiotako tentsio uneak errepikatzerik nahi, ezta kaletik doazenak identifikatzea ere, festaz gozatu nahi dugu gure aldarrikapenekin, eta hemen ez ditugunak bertan izango bagenitu bezala sentitu, debeku guztien gainetik.
Azkenik, aurten lau txosna izango ditugula gogoratu nahi dugu, Gurekin Jain beste talde bat sartu zaigulako, Zarauzko Arraun Elkartea hain zuzen. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ZAEk egin duen apustua, egoera ekonomikoak bultzatua herriko festetan parte-hartze aktiboa izatera animatu da bertan egindako lanarekin zuloren bat estaltzeko asmoz. Honek argi erakusten du beste behin ere Gurekin Jai guztiz irekia dagoela beste edozein kirol talde, aisialdi talde edota gizarte eragileri. Denon artean jaiak herrikoiak, parekideak eta parte hartzaileak izaten jarraitzeko bidean, ez izan erreparorik eta animatu zaitezte Gurekin Jai-n sartu eta festak antolatzen laguntzera.