Mikel Jauregi | Kazetaria
Ni ere zuen alboan eseri naiz
Alardeari buruz iritzia ematea ur handitan sartzea da. Benetan da gai zaila. Hondarribiarra izan beharra dago auziari buruz iritzia eman ahal izateko; ezin da ulertu zer sentitzen den eta hura zer den, bertakoa izan ezean. Ez dauka konponbide errazik. Adarra jotzen ari zarete?
Alarde baztertzailea defenditzen dutenen edota Hondarribian atzo, enegarrenez, gertatu zenaren aurrean itsu-mutu-gorrarena egin dutenen ahotik entzundako gauza guztietatik, bakarrak du zentzua: hondarribia- rrek beraiek konpondu beharreko kontua da. Edo hala beharko luke. Herritarrek dakite ongien alardea zer den, zer sentiarazten dien; haien artekoa da eztabaida. Baina Kale Nagusian hartutako argazkiak ikustean, puff... Txartelak, plastiko beltza eta oihu iraingarriak Jaizkibel pasatzerakoan. Eta espaloi bazterrean zeuden horietatik guztietatik, batek deitu dit bereziki atentzioa: neska gazte bat, ilehoria, megafonoa eskuan duela uluka, irribarrez. Bizilagun dituenei «kaguen»ka, eta irria ahoan marraztuta. Kasik maltzurkeria antzemateraino.
Gogoan dut antzeko irribarre bat. Duela bospasei urteko irailaren 8an Hondarribian izan nintzen, lanean. Jaizkibel konpainiaren aurrealdean nindoan, gainerako kazetari, argazkilari eta kameralariekin batera, San Pedro kalean, ertzainez inguratuta. Kalearen alde bietan, tabernen kanpoaldean, ehunka lagun zeuden. Eztarria bertan utzi beharrean «emagalduak» oihuka ari zen bati begiratu nion, justu irribarre maltzur batek ihes egin zionean. Nik ere, hari begira, irri egin nuen; eta hark ikusi. Sutan jarri zen, sekulakoak esanez eta poliziek osatutako lerroa gainditu nahian. Heldu egin behar izan zioten, bestela bi ostia jasoko nituen hantxe.
Buruan galdera bat nuela itzuli nintzen erredakziora: horiekin konpondu behar al dute? Eta atzokoa ikusita, zalantza bera dut. 15 urteren buruan, «normalizazioa» urrun dakusat.
P.D.: Hondarribiarra izan gabe hau idaztea ur handitan sartzea izan da? Leporaino kakaztu naiz? Piperrik ulertu gabe segitzen dut? Ez dakit zeren-noren interes ezkutu eta ilunen alde ari naiz? Zer diozu? Pikutara joateko?