GARA > Idatzia > Kultura

Zinemaldiaren jarraipen zabala eskainiko du EITBk, berritutako lankidetza hitzarmenari esker

EITBk eta Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute aurtengo zinema jaialdirako. Hala, telebista kateak hasiera eta itxiera ekitaldiak eta Donostia sariaren banaketa ekitaldia zuzenean emango ditu.

p045_f01_096x092.jpg

GARA | DONOSTIA

Alberto Suriok, EITBko zuzendari nagusiak, eta Jose Luis Rebordinosek, Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, lankidetza hitzarmena berritu dute. Horri esker, EITBk, telebista, irrati eta Internet bidez, Zinemaldiaren jarraipen zabala egingo du bere hedabide guztietan.

Atzo egin zuten prentsaurreko ekitaldian Suriok azaldu zuenez, hilaren 16an hasiera ekitaldia eskainiko du zuzenean ETB1ek. Aurten Glenn Close aktoreak jasoko duen Donostia Sariaren ekitaldia ere ikusi ahal izango da hilaren 18an, eta hilaren 24ko itxierako jaialdia ere telebistan eta webgunean ikusgai izango da.

Horrez gain, «Gaur Egun», «Teleberri» eta «Euskadi Directo» saioek tarte bereziak eskainiko dizkiote jaialdiari, eta aldi berean, ekitaldiak egiten diren tokiekin konexio bereziak egingo dituzte eta erreportaje zabalak prestatuko dituzte.

Bestalde, Ana Murugarrenek ETBrako egindako Mario Onandiari buruzko «El precio de la libertad» telebistako filmaren estreinaldia egingo dute hilaren 19an Victoria Eugenia antzokian. Bertan, Quim Gutierrezek, Andres Herrera, Mikel Losada eta Leyre Berrocal aktoreek hartu dute parte, besteak beste.

EITBri buruzko ustezko txostenari buruz galdetu zioten arren, Suriok ez zion galderari erantzun nahi izan.

Donostiako Zinemaldiak, Gipuzkoako eta Arabako bideoklub talde batek, Bideogintzako Enpresen Elkarteak (AEVIDEO) eta Bideogintza Sektoreko Handizkako Enpresarien Estatu espainoleko Elkarteak (ANEMSEVI) elkarri laguntzeko programa bat abiaraziko dute Zinemaldiarekin loturik. Hala, Zinemaldirako sarrerak erositakoan, bideoak doan alokatu ahal izango dira parte hartu duten bideoklubetan, baita alderantziz ere.

Honako klubek parte hartuko dute ekimenean: Donostiako Comercial Afede (Kale Berria, 3), Videonet (Secundino Esnaola, 36) eta Euskalbideo (Bergara kalea, 20); Errenteriako Telesol (Donostia kalea, 10); eta Gasteizko Alien (Badaia, 10; Jacinto Benavente, 13; Zarautz, z.g.).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo