GARA > Idatzia > Kultura

Larraineko herritarrek Monzon pastorala eskainiko dute Bergaran, buruzagi abertzalearen sorlekuan

Telesforo Monzon politikari eta kultura gizon handiaren herrian bertan jokatuko dute hilaren 17an, 17.00etan larraintarrek, Bordaxarrek haren bizitzari buruz idatzitako pastoraa. Erakusketa ere antolatu dute horren harira.

p044_f01_148x104.jpg

GARA | BERGARA

Jean Bordaxar kantari, dantzari eta idazleak sorturiko «Monzon» pastorala Bergaran, haren sorterrian bertan, izango da ikusgai, hilaren 17an, Seminarioaren patioan, 17.00etan. Abuztuaren hasieran Larrainen estreinatu zuten pastoralak arrakasta handia izan du, ikusle kopuru handiak bildu baititu.

Atzo prentsaurrekoa eman zuten Bergaran, emanaldiaren nondik norakoak aurkezteko, Jean Pier Accoceberry pastoralaren lehendakaria eta Jean Bordaxar egilea bertan zirela. Azken honek gure eskoletan irakasten ez den historia kontatzeak daukan garrantzia nabarmendu, eta larraintarren lana eskertu zuen. Beraren esanetan, gainera, pastorala bada politikari eta kultur gizon handiari egin nahi zion omenaldia ere.

Atzoko agerraldian, Sebastian Uthurriaghe Larraineko alkateak ere hartu zuen parte, nabarmenduz pastoral batek herri batentzako duen garrantzia, harremanen aldetik, batez ere kultura arloan. Jexus Elortza Bere Bergarako alkateak, era berean, pastoral honek Bergarari ematen diona goraipatu zuen, besteak beste, nabarmenduz, Zuberoako herriarekin harremana sendotu dutela.

Agerraldian, Ramon Mendibil Dorre Olaso Fundazioko kideak pastorala pertsonaiaren herrian bertan antzeztearen garrantzia nabarmendu zuen.

Sarrerak salgai jarriko dituzte, besteak beste, Baionan, Donostian, Iruñean, Arrasaten edota Irurtzunen, 15 euroan. Bergarako Udalaren web orrian informazio osoa dago eskura.

Bestalde, azpiegitura lanetan laguntzeko deia ere egin dute antolatzaileek. Zuberoatik 165 herritar etorriko dira, eta batzuek bertan gaua egiteko asmoa dutela-eta, larraintarrak etxean hartzeko prest dauden bergararrak bilatzen ari dira. Horretaz gain, pastorala antzeztuko duten egunean bertan laguntza eskatu dute, larraintarrei bazkaria zerbitzatzeko, sarrerak saltzeko edota liburuak eta CDak saltzeko, besteak beste. Laguntza emateko prest daudenek Udaleko Kultura zerbitzura deitu behar dute edota mosa@bergara.net helbidera mezua bidali.

Pastoralaren egunera begira, udal agintariek garraio publikoa erabiltzeko deia egin zuten, eta hiru aparkaleku egokituko dituztela jakinarazi zuten: San Martin ikastetxean, Martinez de Iralan eta Mayc enpresaren aparkalekuan.

Pastoralarekin batera, «Telesforo Monzon (1904-1981) bergararra politikoa, politikaria, kultura gizona» erakusketa izango da ikusgai, irailaren 15etik urriaren 2ra arte, udaletxeko areto nagusian. Ibilbide politikoarekin batera, Monzonen produkzio literarioarekin zerikusia duten idatzizko argibideak ematen ditu erakusketak.

Antolatzaileek gaineratu dutenez, «jatorrizko ikonografia eta dokumentazioaren erreprodukzioak eta hainbat objektu original» ikusteko aukera ere izango da. Astean zehar 18.00etatik 21.00etara zabalduko dute; asteburuan, 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 21.00etara, eta 11.00etatik 21.00etara, pastoralaren egunean.

ERAKUSKETA

Hilaren 15ean zabalduko dute. Monzonen idatzizko lanen gaineko argibideak, dokumentazioaren errreprodukzioak eta irudi eta objektu ugari bildu dituzte, horietako asko Dorre Olaso Sorrerakundeak utziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo