KRITIKA | Euskal Kostaldeko Musikaldia
XVI-XVIII mendeetako musika tresnak joz
Maite IDIRIN
Sekulako poza hartu nuen hainbeste sariren jabe den taldeak gure Arriagak harientzat idatzitako 3. kuartetoa errepertorioan zekarrela ikusi nuenean. Hain zuzen, paregabeko akustika daukan Angeluko San Leon elizan, gure musikagilearen pieza horrekin hasi zuten atzoko kontzertua. Hemezortzi urterekin konposatu zuen hori oso originala izateaz gain, ondo egina da, bere lau mugimenduetan. Andantino eta minuetoan bereziki. Kuartetoak teknika eta homogeneotasun perfektuaren jabe zela erakutsi zuen, eta emaitza artistikoa ezin ederragoa geratu zen. Publikoak gogoz txalotu zuen.
F. Mendelssohnek konposatutako lehen kuartetoa interpretatu ziguten jarraian. Horri buruz dakiguna da Beethovenen 132. opusa eredutzat harturik egin zuela, eta egia esan, Adagio dramatikoak agerian uzten du hortik doala. Bigarren mugimendua, Adagio non lento, kromatismo oso landua duen fugeto luze bat da, eta bertan musika tresna bakoitzari aldizka solista rola ematen zaio. Intermezzo mugimendu miresgarria, konpositorearen ekarpen pertsonalena, maisutasunez interpretatu zuten musikari bikain horiek. Azkenik, Finale presto indartsua, esanguratsu den kadentzia batekin hasten du lehen biolinak. Gero, gero eta gogorragoa doala, denen arteko elkarrizketa pasartea dator, paroxismoraino ailegatzen delarik.
Indar guztia hor xahuturik emeki itzaltzen doa akzio musikala pianissimo patetiko batean amaitzeko.
Bigarren zatian, J. Brahmsek hari eta pianoarentzat fa minorren konposatutako kintetoa eskaini ziguten musikariek. Obra honek hasieran beste egitura bat izan zuen. Badakigu lehenik, bi pianorentzat konposatua izan zela eta Clara Schumanek ere interpretatzen zuela. Anitz landu behar izan zuen obra dagoen horretara ailegatzeko. Modigliani kuartetoak pianistarekin maisuki interpretatu zituzten lirikoa den lehen mugimendua, grabea den bigarrena, arina den hirugarrena eta beste guztia biltzen duen Finale mugimendua. Txalo zaparrada bero eta luzea jaso zuten, eskupeko batekin amaituz.
Musikariak: Quatuor Modigliani; Jean-Fréderic Neuburger, pianoan.
Obrak: J. C. Arriaga; F. Mendelssohn-Bartholdy; J. Brahms.
Tokia eta eguna: Angeluko San Leon eliza, 2011-9-7.