Oier ZEARRA | Pilotaria
«Oso baloratua sentitzen naiz, baloratuegia ere bai agian»
Profesionaletan hamalau urtez aritu eta gero, Oier Zearrari (Galdakao, 1977) heldu zaio pilotari agur esateko ordua. Herriko pilotalekuan, festetan, egingo du eta enpresak jaialdi oso polita antolatu dio -Aimar Olaizola lagun duela, Berasaluze VIII.a eta Mendizabal II.aren aurka jokatuko du, eta ziur urte hauetan guztietan landutako maitasuna jasoko duela bertan bere ingurukoengandik.
Jon ORMAZABAL
Palmares izugarririk ez duen arren, oso pilotari maitea da Oier Zearra, bai gainerako pilotarientzat, bai pilotazaleentzat. Abegikor eta umila izateaz gain, Galdakaokoa profesional handia izan da beti, eta atzo ere, azken partida horri begira, gogor entrenatzen aritu zen Gasteizko Lakuako pilotalekuan.
Zerk eraman zaitu orain pilota uztera? Erabakia zuk hartu duzu ala enpresak?
Inork ez du bere kabuz halakorik erabakitzen, agian norbaitek bai, baina normalean pilota munduan enpresak erabakitzen du, eta niri maiatzean esan zidaten Asegarceko agintariek ez zidatela kontratua berrituko. Nik komentatu nien gustatuko litzaidakeela azken partida Galdakaoko jaietan jokatzea eta hortik iritsi da partida hau.
Jarraitzeko indarrez eta gogoz ikusten zenuen zeure burua, orduan?
Bueno, gogoz bai. Argi dago azken bi urteetan nik enpresaren barruan beste paper bat izan dudala, apur bat bigarren mailako partidak jokatzen ibili naiz, eta zaila da hor nabarmentzea. Baina bukaerara arte ahalegindu naiz ilusioa mantentzen, gauzak ondo egiten eta ondo entrenatzen, baina argi dagoena da jende gaztea heldu dela, atzelari indartsuak eta, garai batean gurekin gertatu zen moduan, enpresak gazteei eman die aukera, eta ez dago ezer esaterik.
Gero eta leku gutxiago dago «enpresako pilotaria» deitzen zitzaien horientzat, kontsagratutako izarrak edo izar izan daitezkeen gazteak nahi dituzte...
Egoeraren laburpen ona litzateke hori. Horixe da enpresaren filosofia, edo punta-puntako partidak jokatzen dituen jendea edo debutatu berriak, gazteak eta gora egiteko modua duten horiek nahi dituzte. Hortik kanpora geratzen garenok, 30 urte pasatuta, garai batean lehen mailan aritu eta bigarren mailan gabiltzanak ez daukagu lekurik.
Agur esateko jaialdi dotorea antolatu dizute behintzat, eta inguruko jendea oso ilusionatuta omen dago...
Bai, oso polita. Bukaerara arte ez nekien ze partida jarriko zidaten eta ilusio handia egiten dit. Beste partida bat izango balitz ere ilusio berbera egingo lidake, baina denoi gustatzen zaigu halako estelarrak jokatzea, enpresako aurrelari onenarekin jokatuko dut, Aimarrekin, eta aurkariak ere oso onak dira.
Frontoia beteko dela ziurra da.
Galdakaon urtean behin baino ez da egoten pilota profesionala, Santa Kurtz festetan, eta beti bete izan da. Frontoi berria inauguratu zutenetik bete izan da, eta aurten ere bai. Ikusten da jendea gogoz dagoela.
Baina zuk ere izango duzu horretan eraginen bat, ala?
Nik ere sumatu dut inguruan jendea mugitzen ari dela, zerbait berezia izango da. Gainera bezperan [gaur] hasten dira jaiak eta dena elkartuko da.
Atzera begira jarrita, zer gogoratzen duzu debutaz?
Eibarren debutatu nuen, Astelenan, ekainak 22 batean, duela hamalau urte eta partidaz gogoratzen naiz. Urionaguena eta Mendia aurkari genituela, Karmelo Ariznabarretarekin debutatu nuen, eta niretzat oso egun seinalatua izan zen. Herriko pilotari batekin debutatu nuen, orduan elkarrekin entrenatzen ginen, eta oso-oso polita izan zen. Nahiz eta tanto bategatik galdu, oroitzapen ona daukat.
Unerik onenak, binakako lehen mailako finala eta bigarren mailako txapelak?
Bai, batez ere tituluak. Bigarren mailako txapelak oso garrantzitsuak izan ziren niretzat, bai banakakoa, bai binakakoa, 98koak, apur bat gorantz joaten lagundu zidatenak izan zirelako. Gero, horren ondorioz hasi nintzen estelarrak-eta jokatzen, eta gero etorri ziren beste garaipen guztiak. Niretzako momenturik gozoena 2005eko uda izan zen, uste dut hiru torneo irabazi nituela, beste bi final ere jokatu nituen, eta horixe izan zen punta-puntako momentua. Horrez gain, Aimar eta biok 2006ko binakako finalera heldu ginenekoa.
Aimar oso presente egon da zure ibilbidean. Gutxi izango dira buruz buru 22-2 irabazi diotenak...
Bai, txapelketa hori ere oso polita izan zen niretzako. Aimarri irabazteaz aparte, lehen partida Iñaxio Errandonearen kontra jokatu nuen Amurrion, orduan Iñaxio puntako pilotaria zen; eta gero Aimarri irabazi nion. Orduko Aimar ez zen gaur egunekoa, baina ikusten zen orduan ere etorkizun handiko pilotaria izango zela eta sorpresa handia izan zen nik irabaztea. Hurrengo partida Nagoreren aurka galdu egin nuen, baina niretzat, nahiz eta hasieran ondo irabazten hasi eta gero galdu, gogoan hartzeko modukoa izan zen.
Errandonearekin berarekin baduzu pasadizo polit bat buruz burukoan.
Oso xelebrea izan zen. Sakea neukan, sake nahiko luzea egin nuen, pasa izan zen, epaileak pasatzat eman zuen; eta inor ez zen konturatu, baina markagailukoak niri eman zidan tantoa. Kuriosoena horixe izan zen, inor ez zela konturatu, Iñaxio eta ni ez konturatzea nahiko normala izan daiteke, jokoan sartuta egonda. Baina enpresako inor ez zen konturatu eta telebistakoak ere pasatu eta gero ohartu ziren eta nahikoa gertaera bitxia izan zen, 21 tanto eginda partida irabaztea.
Profesionaletako hamalau urteetan egindakoarekin gustura ala gehiago espero zenuen?
Oso-oso gustura. Egia esateko, debutatu nuenean ez nuen figura handi batek bezala debutatu, astiro-astiro joan nintzen pausoak emanez eta mailak igotzen. Azkenean, ez nuen espero, baina ia hamar urtetan egon naiz lehen mailan estelarrak jokatzen eta ez nuen espero figura guztien aurka jokatu ahal izatea. Niretzat oso balantze positiboa da egindakoa.
Agian, palmaresarekin itsutzen gara, beste guztiaz ahaztuz edo gutxietsiz?
Ni oso baloratua sentitzen naiz, alderantziz agian, baloratuegia ere bai. Ni gustura nago, sekula ez naiz-eta figura bat izan, Oinatz, Aimar, Irujo eta horien pareko; baina lortu dut, nire mugekin, beraien aurka jokatu eta lehiatzea batzuetan. Hori niretzat oso inportantea da.
Eta etorkizunean zer egingo du OIer Zearrak? Pilotari lotuta jarraituko duzu?
Pilota profesionalean jarraitzeko asmorik ez dut. Uste dut zikloa amaitu dela, ez daukat beste enpresa batean jarraitzeko asmorik, baina beti egongo naiz pilotari lotuta, ez dakit ze mailatan eta nola. Seme-alabekin jolasten, etorkizun batean ez dakit pilota eskolaren batean hasiko naizen, edo bestela zale moduan, sekula ez dut pilota utziko. Nire ofizioa izan da, baina afizioa ere bai.
Irakaskuntza izango duzu ogibide berria?
Azken bi urteetan pilota eta irakaskuntza uztartzen aritu naiz eta orain irakasle lanetan jarraituko dut. Gustura aritu naiz horretan ere eta hala jarraitzea espero dut.
Pilotak sekulako aldaketa jasan du azken urteetan, bera bezalako pilotari «klasikoen» kalterako, baina Zearrak uste du eboluzioa pilotaren hoberako izan dela.
Azken urteetan egon den jokatzeko eraren aldaketak kalte handia egin dizula uste duzu?
Ez, kalterik ez. Beharbada, materialean bai nabarmendu dudala aldaketa. Lehen urteetako materialetik azken bost urteetan erabiltzen diren pilotetara badago aldea. Nik debutatu berritan, pilota arinagoak ikusten ziren, beharbada ikuskizunerako itsusiagoak ziren, baina nire dohainetarako hobeak. Baina aldaketa, nire ustez, pilotaren onerako izan da.
Jokatzeko era batez ere eskuz banakakoan aldatu da, manomanistan. Lehen aipatu dugu Aimarren kontra jokatutako partida hori, ba partida horretan Aimarrek berak botera jokatu zuen partida osoa. Bera oso gutxitan jartzen zen airera eta orain guztiz desberdina da bere jokatzeko era. Hor garbi ikusten da bilakaera. Orain dela hamar urte zorakeriatzat joko genuke sakea airez erantzutea eta gaur egun alderantziz, airez errestatzen ez duena da arrarora. Denak doaz aurrerantz, Xala, Irujo, Aimar, Idoate... txapelketan ikusi da denak doazela aurrera, botez errestatuz gero, ez direlako iristen ondorengo errematera.
Pilotak eman dizun onena?
Gauza asko. Azken hamalau urteetan nire ogibidea ere izan da. Askotan ez gara konturatzen, baina pribilegiatu batzuk gara. Badira momentu txarrak, baino orokorrean pribilegio bat da. Esperientzia asko bizi izan ditugu lehiaketetan eta gero jendea, lagunak egiteko aukera...
Eta txarrena?
Beti daude halakoak, baina nahiago dut gauza positiboekin geratu. J.O.