GARA > Idatzia > Euskal Herria

Andra Mari egunaren ostean, asteburuan festarako gogoz sartuko dira bermeotarrak

GARA | BERMEO

Andra Mari egunaren biharamunean, Arrantzale Eguna dute gaur Bermeoko jaietan. 11.00etan abiatuko da eguneko egitaraua, arrantzaleen omenezko mezarekin Santa Eufemia elizan. Segidan, kalejira egingo dute txistulariekin porturaino, eta han Alkartasuna dantza taldearen ekitaldiaz, lore eskaintzaz, aita Adriani omenaldiaz eta arrantzaleen abestiaz gozatzeko modua izango dute.

Eguerdiko ordu bateko mezaren eta ordu berean Sabino Arana enparantzan txarangek eskainiko duten emanaldiaren ondoren, jaitsiera egingo dute San Frantzisko plazaraino, Taraskari lore-eskaintza egiteko.

Arratsaldean ere kalez kale ibiliko dira Los Incansables, El Despiste, Patxaranga eta Ustekabe fanfarreak, eta iluntze-gau aldera musika izango da protagonista Lameran: 19.00etan, Los Txikis taldearen kontzertua (bilbainadak eta habanerak); 21.30- ean, Sorgiñak taldearekin dantzaldia; eta 01.30ean, FMren eskutik disko-dantzaldia.

Bihar eguerdian, haurrak

Bihar goizaldean ere FMren eskutik dantzan aritzeko aukera egongo da, baina aurretik makina bat ekitaldi izango dituzte bermeotarrek festa giroan segitzeko. Eguerdian, esaterako, haur eta gaztetxoek pare bat hitzordu dituzte: akuatloia (igeriketa eta lasterketa uztartuko dituen proba) portuan, izotz fabrikaren ondoan; eta jolas parkea, Gonzalo Nardiz plazan. 13.00etan, berriz, Irungo Kemen dantza taldearen ikuskizuna izango da Lameran.

Arratsaldean, zazpietan hasita, «La Mecánica de la naranja» kale-antzerki saioa eskainiko du Zanguango Tea- trok Irakaskintza kalean. 20.30ean txokolatada egingo dute, eta handik ordubetera, Lameran folklore ikuskizuna izango da: hain justu, Ballet Internacional de la Costa Argentinaren eskutik, «Por vos... Argentina».

Gauerako, musikari tartea egin aurretik, Valentziako Europla pirotekniaren eskutik, su-festa izango da 22.30ean, eta 23.00etan, zezensuzkoa, Lameran.

Igandean, Sukalki Eguna

Igandean, Eleizalde ikastolak antolatuta, XXXVII. Sukalki Eguna ospatuko dute Bermeon. Alabaina, bada beste ekitaldi bat nabarmentzeko modukoa, egitarauan estreina- koz sartu dutena: 11.00etan hasita, Almikatik egingo den Bermeoko I. Goitibehera Jaitsiera. Euskal Ligarako baliagarri izango da.

Ordu horretan egingo da sukalki txapelketarako izen-ematea, Talan, eta orduantxe hasi ahalko dira sukaldariak jatekoa prestatzen. 13.00etara arteko epea izango dute, parte-hartzaileek ordu horretan aurkeztu behar dituzte-eta beren lapikoak. 17.30ean egingo dute sari banaketa.

Jai giroan gogoz jarraituko dute Talan, eta 19.00etan Guretzat, El Despiste eta Gazteleku fanfarreak kalejira egingo dute, eta handik herrirako jaitsiera egingo dute guztiek batera. 21.00etan, eguna amaitzeko -edota gauari hasiera emateko-, Lisker taldearen eskutik, dantzaldia.

Baina Bermeoko festak ez dira bukatuko asteburuarekin batera. Izan ere, datorren larunbatera arte, hilaren 17ra arte, hainbat ekitaldi, ekimen eta emanaldiz gozatzeko aukera izango da: kantaldi eta kontzertuak -Pantxoa eta Peio astelehenean, Norez eta Esne Beltza asteazkenean, Atom Rhumba larunbatean-, herri kirolak, bertso saio bikaina asteartean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo