Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Zaharra zara Bilbo!»
Aurtengoan hartu dugun dinamikari jarraituz, Gariren kantua datorkit gaurkoan burura. Honela kantatzen dio: «...Zerbait esan nahi dizut, zugan galdu aurretik: zaharra zara Bilbo... Zaharra zara Bilbo!»
Bilbo zaharra oroitzapenetan murgildu da, eta memoria eginaz, gogoan du badirela 33 urte azken aldiz Espainiako Itzuliak bisita egin zionetik. Hinault handiak irabazi zuela azken sailkapena edizio hartan ez zaio ahaztu. Ordutik telebistaz jarraitu behar izan du karrera, baina aurten berriz etorriko zaiola jakinda, ez du aukera galdu nahi izan Bilbok, eta edizio honetako irabazlea nor izango den erabakitzeko ardura izango duena bera izango da segur aski.
Gogoan du oraindik ere, urte batzuk lehenago, 1956an Bilbon hasi eta bukatu zen edizioa ere, Jesus Loroño sailkatu zen bigarren urte hartan, irabazlearengandik 13 segundora. Aurten ere, lehen eta bigarren sailkatuaren arteko abantaila 13 segundokoa da, eta Bilbok erabaki beharko du edizio honetako garailea; Viveroko malda gogorretan edo Kale Nagusian kokatutako helmugan dauden bonifikazioak erabakiko dutela irabazlea ematen du.
Bilbo zaharrak bere handitasuna erakutsiko digu beste behin, lehiako epaile nagusia bilakatuz eta handitasun horretan geuk ere partaide izan nahiko genuke eta «...zerbait esango genioke beragan galdu aurretik...».
Amesten hasita, ametsa litzateke Galdakaotik gora, euskal zaleen berotasunean tartetxoa atera eta Bilbo zaharraren Kale Nagusian, Marijaiaren gisara, besoak gora altxatuta helmugaratzea!
Jakitun gara oso zaila, edo ia ezinezkoa izango dela, baina esperantza ez dugu galdu eta gure masajista Josebak autobuseko hozkailuan Aquarius eta ur botila artean, hor dauzka bi botila freskatzen, Bilboko urarekin garaipena ospatzeko asmoz.
Zale guztioi aldez aurretik eskertzen dizuet zuen babesa, jakitun bainaiz orain arte bezala ez duzuela hutsik egingo. (Hurrengoan ere esango digute munduko jarraitzaile talderik onena dugula!).