GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzi ez zaio komeni zalantzak gehitzen joatea

Avironek Bordelekoa istripu bat izan zela erakutsi nahi du gaur gauean,Toulonen aurkako norgehiagokan.

p042_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Avironek eta Biarritzek etxean jokatuko dituzte hirugarren jardunaldiko neurketak, eta gaur arituko dira biak. Zuri-gorriek Castres hartuko dute; zuri-urdinek, Toulon. Partidak 20.00etatik aurrera jokatuko dira Agileran eta Jean Dauguerren.

Biarritzi heldu zaio irabazten hasteko garaia. Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek hasiera kaskarra izan dute. Bi partida jokatu, eta horietatik bat galdu, eta bestea berdindu. Emandako itxura, berriz, oso txarra izan da, eta puntuak egitea ere ikaragarri kostatzen zaie.

Munduko Txapelketa dela-eta, baja garrantzitsuak dituzte lapurtarrek. Harinordokiren eta Yachviliren hutsuneak asko ari dira nabaritzen, baina Liga hasterako bazekiten hori gertatuko zela, Munduko hori gorabehera, Ligak aurrera jarraituko baitu.

Beraz, lehen bi jardunaldietako itxurak ez dauka inongo aitzakiarik. Gaur, ordea, irabazten hasteko aurkari ona dute, nahiz eta haiek ere premian helduko diren Lapurdi aldera. Castresek orain arte ez du partidarik irabazi, eta horrela jarraitzea izango da euskaldunentzat onena.

Liga hasi besterik ez da egin, eta oraindik denboraldia oso luzea izango da, baina gaur beste porrot bat jasoko balute urduritasunak ere agertzen hasiko lirateke, zalantzak berriz, gehitzen jarraituko lukete, eta ez da komeni horrelakorik. Beraz, dena normaltasunera itzultzeko, eta jendea lasaitzeko, lau puntuak, eta ahal bada gehigarria ere, batzea bezalakorik ez da, horren premia handia baitute Biarritzeko jokalariek eta zaleek.

Baiona

Avironek denboraldi hasiera paregabea izan zuen, lehen jardunaldian Stade Toulosain, egungo txapelduna, mendean hartu baitzuen. Pasa den asterako ere itxaropen handiak zeuden, baina itxura txarra eman zuen Bordelera egin zuen bisitan, eta ezer lortu gabe etxeratu behar izan zuen hiriburuko taldeak.

Uste ez bezalako kolpea jaso zuten Gajanen mutilek, baina berriro ere bide onera itzultzeko aukera paregabea dute gaur arratsaldean Toulonen aurka. Maila handiko neurketa izango da gainera, Ligako sei onenen artean sartzeko aurkari zuzenak baitira frantziarrak. Beraz, lau puntu lortzeak sekulako garrantzia izango luke. Toulonek ere, orain arte, Avironen ibilbide berdina egin du, partida bat irabazi eta bestea galduta. Baionako taldeak gaur garaipena erdietsiko balu, aurre hartuko lioke, eta oraindik denboraldia hasi besterik egin ez bada ere, amaieran gerta litezkeen berdinketetarako garrantzitsua izan daiteke. Munduko Txapelketak euskaldunei ez die kalte handirik egin, eta horretaz baliatu behar lukete neurketa hauetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo