GARA > Idatzia > Mundua

Perez Molina militar ohia Guatemalako presidentea izango dela diote inkestek

p022_f02_046x068.jpg

GARA |

Guatemalako PP alderdi eskuindarrak igandean egitekotan diren hauteskundeak irabaziko ditu eta Otto Perez Molina 60 urteko jeneral erretiratuak alde handia aterako die beste alderdietako hautagaiei, inkestek diotenaren arabera. Inteligentzia Militarreko Zuzendaritzako burua izan zen PPko hautagaia.

«El Periódico» egunkariak egindako inkestaren arabera, Perez Molinak botoen %48,9 lortuko lituzke, 30,6 puntuko aldea ateraz hurrengo hautagaiari, Lider alderdiko Manuel Baldizoni (%18,3). «Nuestro Diario» egunkariak argitaratutako inkestaren arabera, Perez Molinak botoen %46 lortuko lituzke, eta «Siglo 21» egunkariak botoen %44,8 eman dizkio. Presidentetza igandeko lehenengo itzulian lortzekotan, botoen %50 baino gehiago eskuratu beharko ditu, nolanahi ere. Beraz, badirudi bigarren itzulia beharrezkoa izango dela, azaroaren 6an; eta hor ere Perez Molina aterako litzateke garaile, inkesten arabera.

Guatemalarrek presidentea, presidenteordea, Kongresuko 158 diputatu, Erdialdeko Amerikako Parlamentuko 20 ordezkari eta 333 udaletako agintariak aukeratuko dituzte. Presidente berriaren erronka nagusietariko bat narkotrafikoak kontrolpean dituen eskualde handiak berreskuratzea izango da. Edozeinek irabazita ere, errezeta bera proposatzen dute: Armada.

Perez Molinaren ustez, Polizia ahula da narkotrafikatzaileen aldean, eta «komando bereziak» sortzea proposatu du. Guatemalako agintariek diotenez, Mexikoko kartelek gero eta botere handiagoa dute Guatemalan. Halere, hiru alderdi nagusiek kanpaina ordaintzeko dirua narkotrafikoaren eskutik jaso dutelako susmoa dago.

Hauteskunde Auzitegiak PPri kanpaina bertan behera uzteko agindu zion atzo, legeak ezartzen duen gastu muga (1,5 milioi dolar) gainditu duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo