SENTENCIA POR EL «CASO BATERAGUNE»
Zigorra ulertezina egiten zaie euskal alderdi, sindikatu eta eragile gehienei
GARA | DONOSTIA
Ia aho batekoa izan da epai honek Euskal Herrian sortutako haserrea. Horren aurka egin dute alderdi gehienek, EAJtik hasita, gehiengo sindikalak eta beste elkarte eta eragile ugarik. Maila instituzionalean, bakearen eta normalizazioaren aurkako oztopoa ikusi du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta Donostiako Udalak, adierazpen batean, zigortutako pertsonak «bakearen egiletzat» jo ditu.
Ez da ohikoa, baina oharra kaleratu zuen EAJk, Madrilen epaiketa burutu bitartean egin zuen bezalaxe. Epaiak ez duela oinarri juridikorik aipatzen du, eta zigortuek ETAren esanetara jokatu ote zuten eztabaidatzea saihestu du. Horren gainetik, garrantzitsuena aro berria zabaltzea dela erantsi du EAJk, eta hor ezker abertzalea legezkoa izatea. Beste agintari jelkide batzuek ere kritikatu zuten Auzitegi Nazional espainola, hala nola Andoni Ortuzar eta Joseba Egibarrek. Honek «burugabekeriatzat» eta «eskandalutzat» jo zuen.
Pello Urizar EAko buruzagiaren esanetan, zigor epaiak «helburu garbia du: euskal agertoki politiko berria desegonkortzea». Hala ere, «ibilbide-orriarekin aurrera egingo dugu», adierazi zuen; izan ere, «bide politiko eta baketsuetatik gatazka konpontzeko proposamenaren alde» dagoela erakutsi du euskal gizarteak hautestontzietan, Urizarrek gogora ekarri zuenez.
Bilduko kide ere baden Alternatibaren ustez, «bakeari jarritako hamaikagarren oztopoa» da hau. Oskar Matute eledunaren hitzetan, «milaka eta milaka gizon-emakumek Madrildik iraunarazi nahi duten gatazka gainditzeko duten itxaropenak jipoitu dituzte».
Aralarren ustez, epaia «kaltegarria da» euskal gizartearentzat eta iraganeko joerak indartzen ditu. Erantzuteko deia egin du, zehaztapen batekin: «Bakea irabazteko, askatasuna irabazteko bezala, batzuetan oso garestia da ordai- na, baina bakea soilik bide baketsuetatik lortzen da».
EBk ere kezka handia agertu du sententzia jakin ondoren. Mikel Arana koordinatzaile nagusiaren iritziz, «oso albiste txarra» da, eta «ez du bakea eta normalizazio politikoa egonkortzeko ezertan lagunduko».
Sindikatuak eta Lokarri
Sindikatuen aldetik ere zabala izan zen gaitzespena. LABek Rafa Diez idazkari nagusi ohiari elkartasuna adierazi zion ezer baino lehenago. Horrez gain, euskal langileriaren eta jendartearen aldetik «geure begirada konponbide demokratikoaren norabidean jarria dugun honetan, eragin politikoa du ebazpenak», salatu du: «Prozesuaren gurpilei trabak jartzen jarraitzen du espainiar Estatuak. Alderdi interesak, interes elektoralak gailendu dira.
Eta agerian geratu da espainiar Estatuaren gaitasun eza eta arduragabekeria politikoa, hala momentuko abaguneari nola etorkizunari heldutasunez aurre egiteko. Halaber, euskal jendartearen gehiengoaren nahiei muzin egiten jarraitzen du», erantsi du LABek.
CCOOk eta EHNEk, besteak beste, epaiaren kontrako iritzia eman dute. Unai Sordo CCOO-Euskadiko agintariak argi du «Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek ezker abertzalearen estrategia aldaketaren lidergoa izan dutela eta dutela».
Lokarriri dagokionez, epaia «bidegabea» dela esan zuen, baita argudioak «nor bere onetik ateratzeko modukoak» direla ere. Ondorioz, epaia ez dela onartu behar adierazi du.
Ezker Soberanista Eraikitzen-ek bost zigortuak «kontzientzia presotzat» har daitezen eskatu du. Gizarteko beste elkarte batzuek ere gogor salatu zuten zigorra, horien artean Esaitek, kirol arloko eragileak.