Donostiak normaltasunez funtzionatzen jarraitzen duela goraipatu du Izagirrek
Bilduk Donostiako Udala hartu zuenetik lasaitasuna eta ilusioa gailendu direla esan zuen Juan Karlos Izagirrek atzo, agintaldiko lehen ehun egunen balorazioa egitean. Gascok (PSE) denbora galdu izana leporatu zion.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
«Donostiak normaltasun osoz funtzionatu du. Udara zoragarria izan da, lasaia, eta Udalak behar bezala funtzionatu du; ez da ezer gertatu», esan zuen atzo Juan Karlos Izagirre alkateak, Bilduk Udal Gobernua hartu zuenetik igaro diren lehen ehun egunen balorazioa egitean. Ez zen konforme agertu epe horrek «ezer adierazten duenik» uste izatearekin, baina, zentzu handirik ez ikusi arren, «balorazioa egiteko» prest daudela esan zuen.
Udarari dagokionez, Aste Nagusian izandako herritarren parte-hartze handia nabarmendu zituen, eta istilurik gabekoa eta lasaia izan dela. «Askoren sorpresarako, Jazzaldia arazorik gabe ospatu da, baita Hamabostaldia ere, eta atzo bertan hasi da 59. Zinemaldia. Hau guztia Donostiak inoiz baino turista gehiago jaso dituen udaran, gainera», adierazi zuen, «aspaldi sentitu den ilusio handienarekin». Eta ilusio horrek hain zuzen, «Donostia sozialagoa, pluralagoa eta parte hartzaileagoa» sortzen lagundu du. «Batzuek -gaineratu zuen-, lehengo Donostia klasista eta espekulatiboa nahiago izan dezaketen arren».
Beste administrazioekin izandako harremanei buruz, besteak beste, Lakuarekin eta Gipuzkoakoa Aldundiarekin izandakoak, «guztiz normalak» izan direla baieztatu zuen, «are gehiago, goxoak izan direla esatera ausartuko nintzateke».
Bestalde, bozeramaile guztiekin hilero egiten zen bilera, aurrerantzean astean behin izango dela iragarri zuen.
Proiektuak eta ezusteak
Proiektuak atzera bota izana leporatu diote gainerako alderdiek Udal Gobernuari, eta horren harira, alkateak gogorarazi zuenez ,«Donostia hiriburu bakarretakoa izan da obra bakar bat gelditu ez duena. Are gehiago, bi obra handiren alde agertu gara: Tabakalera eta 2016ko hautagaitza [Europako Kultur Hiriburu izateko]».
Beste proiektu asko, berriz, mantsotu egin direla zehaztu zuen, «ez gelditu», kasuz kasu egoera aztertzen ari baitira, eta bakoitzaren txostena izan arte ez dute erabakirik hartuko.
Ezustekoak izan direla ere onartu zuen Izagirrek. Lehenik, «aurrekontu fikziozkoarekin jokatu behar izan duela Udalak», berez ez dauden milioiak aipatuz. «Dirua baldin badago inbertitu egingo da; bestela, ez. Zentzuz jokatzea dela uste dugu». Txosten batek, gainera, «gehiago ez xahutzeko» gomendatu du.
«Beste sorpresa bat politikari eta kazetari batzuen modu txarrak izan dira. Politikari batek nola akusatu dezake beste bat, alderdi ezberdinekoa den batekin topa egiteagatik edo hitz egiteagatik soilik? Hau ez da lagungarria eraiki nahi dugun herri normalizatua lortzeko».
«Galdutako denbora»
Donostiako PSE ez zen batere ados agertu, eta Udal Gobernuari denbora galtzea leporatu zion Ernesto Gasco bozeramaileak. Udal Gobernua «ahula, txikia eta ezegonkorra» dela iritzita, «euren burua ez badute gai ikusten, esan dezatela».
Aurrekontua oraindik ez dago adostuta, eta Gascok atzo iragarri zuenez, «gure botoa nahi badute ezinbesteko baldintza izango da autobus geltokiaren proiektuak aurrera egitea; bestela ez dute gure babesa izango. Argi izan dezatela».
Datorren urriaren 20an Juan Karlos Izagirre alkateak hurrengo lau urteetako programa aurkeztuko du. Osoko bilkura horretan izango da, hain zuzen, hiriaren egoeraren gaineko eztabaida.