GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Txapeketa

Hautagai asko, baina finalera sei bakarrik sartuko dira

Olasagasti, Nazabal, Lopez, Azurmendi, Otaegi, Mujika, Atutxa II.a, Senosiain I.a, Senosiain II.a, Txapartegi, Lasa eta Ohian Larretxea neurtuko dira bihar Arbizun jokatuko den kanporaketan.

p044_f01_97x184.jpg

Jon LEUNDA

Arbizuko kiroldegian jokatuko da bihar 12.00etatik aurrera Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa. Bertan hamabi aizkolari lehiatuko dira, eta lehen sei postuetan sailkatutakoek lortuko dute finala jokatzeko txartela, eta azkeneko biek, berriz, maila galdu egingo dute.

Lehian arituko diren aizkolariak honako hauek dira: Olasagasti, Nazabal, Azurmendi, Lopez, Otaegi, Mujika, Atutxa II.a, Txapartegi, Aitor Senosiain, Antonio Senosiain, Lasa eta Ohian Larretxea. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Finalean izango den lanaren erdia izango dute kanporaketan.

Jendea ari da kinielak egiten zein finalean sartu, zein mailaz jaitsi, baina asmatzea ez da erraza izango. Hala ere, badaude aizkolari batzuk ikaragarrizkoren bat gertatzen ez bada finalean sartuko direnak. Olasagasti eta Nazabal finalean izango direlako zalantzarik ez dauka inork. Igeldokoa da egungo txapelduna, eta pasa den igandean Gipuzkoako finala irabazi zuen. Sasoi oso onean dago, eta aurten berriro ere txapela lortzeko faboritoen artean agertzen da. Nazabalek iaz galdu zuena berreskuratu nahiko du, nahiz eta biharko helburua ez den irabaztea, finalean sartzea baizik.

Hortik atzera, badirudi Azurmendi, Otaegi eta Lopez ere nahiko ongi kokatu daitezkeela. Arriarangoak urte asko darama azken ekitaldietan sartzen, eta beti aurrean dabil. Zizurkildarra, Zalduaren aurkako apustua prestatzen ari da, eta igandeko Gipuzkoako Txapelketan lan bikaina egin zuen. Lopez ere azken urte hauetan punta-puntan dabil.

Aukerak

Badaude beste aizkolari batzuk ere finalean sartzeko aukera asko dituztenak. Aitzol Atutxa iaz doi-doi geratu zen kanpoan, eta aurten askoren ustez han sartuko omen da. Mujika ere azkeneko urte hauetako finaletan sartu izan da, lan ona eginez, eta Ibarrakoa ere ezin da bazterrean utzi. Ezta Txapartegi ere. Aizarnakoak iaz ez zuen lortu azkeneko saioan izatea, baina urte askotan hantxe izan da.

Antonio Senosiain ere askotan sartzen da finaletan. Azken ekitaldiko lana luze samarra egiten zaio, baina kanporaketakoa ongi doakio, eta hau ere ezin da inondik inora bazterrean utzi.

Badirudi beste hirurak dituztela aukerarik gutxien, edo hori uste dute zaleek, eta jaitsierako bi postuak horien artean egon daitezkeela, baina ezusteak ere beti egoten dira. Faborito izateak bakarrik ez du balio, erakutsi egin behar da, eta lana oso luzea ez denez, iragarpenak bete gabe geratzeko ere aukerak askoz ere handiagoak izaten dira, denek prestatu baitute mimo handiarekin lehiaketa hau.

Llanos eta Kintana, Arabako onenak

Llanos eta Kintana bihurtu dira Arabako bikoterik onena. Pasa den astelehenean jokatu zen Olarizun Herrialdeko Binakako Txapelketa, eta merezimendu osoarekin jantzi zuten txapela, bigarren sailkatu zen bikoari enbor erdi bat kenduta.

Urteroko legez, sekulako jendetza batu zen saioa zuzenean ikusteko asmoarekin, eta bertaratu zirenek ez zuten damutzeko betarik izan, parte hartu zuten sei bikoteek oso maila ona eman baitzuten, eta ikuskizuna ere oso ona izan zen. Bigarren postuan Zubiaga eta Kortxero sailkatu ziren. Askoren ustez garaipena lortzeko faboritoak ere haiek ziren, baina bigarrenarekin konformatu behar izan zuten.

Hirugarren postuan Jauregi eta Ussia sailkatu ziren, Rodriguez II.a eta Fernandez de Landa, berriz, laugarren postuan, Rodriguez I.a eta Lopez bosgarren postuan, eta azkena, berriz, Juan Carlos Lopez eta Ruiz de Aretxabaleta sailkatu ziren.

Binakakoarekin amaitu dira Arabako aizkolarien lehiaketa ofizialak. Bakarkakoa aurten ere Segoviara joan zen, Rodriguez I.ak irabazi baitzuen, baina binakakoa etxean geratu da, nahiz eta horietako bat, Ramiro Llanos, oso beteranoa izan. J.L.

Lasa eta Ohian Larretxea lehen aldiz arituko dira

Jexuxmari Lasa eta Ohian Larretxea lehen aldiz arituko dira maila nagusiko Euskal Herriko Txapelketan. Biek iaz lortu zuten igoera, eta Donato Larretxearen semea, gainera, 20 urterekin, lehiaketako gazteena izango da. Dauden lekuan jarraitzeko asmoarekin ekingo diote biharko kanporaketari

Sarrerak 10 euroan jarriko dituzte salgai

Bihar eguerdian Arbizura joan eta bertatik bertara neurketa ikusi nahi duenak, 10 euroan erosi beharko ditu sarrerak. Ekitaldia hasi aurretik kiroldegian bertan egongo dira salgai. Egungo Euskal Herriko hamabi aizkolaririk onenak direla kontuan hartuta, prezioa ez da garestia, ezta gutxiago ere, eta kiroldegiko harmailak erabat betetzen ez badira ere, ez dira aparte ibiliko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo