harri-jasotzea
Antzinako harriekin jokatuko da Kalbaixoko Torneoa
J.L.
Harri-jasotzeko torneoak gero eta ugariagoak dira eta orain Mutrikuko Kalbaixo auzoan antolatu dute. Bihar izango da, 17.30etik aurrera, bertako plazan, eta auzoko semea zen Aritza harri-jasotzaileak erabiltzen zituen harriekin aritu beharko dute lanean.
137,5 kiloko koadro zaharra, 100 kiloko kubikoa eta pisu bereko zilindro zaharra izango dituzte aurrean. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izango dituzte.
Parte hartuko dutenak, berriz, honako hauek dira: Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Urrutia, Belioso, Calvo eta Ugartemendia. Saioa bertatik bertara zuzenean ikusi nahi duten guztiek, 15 euroan izango dituzte sarrerak salgai.
Maila handiko harri-jasotzaileak izango dira lehian, eta harriak, berriz, nahiko zailak. Koadro zaharra oso harri berezia izaten da, eta zailtasun dezentekoa ere bai, eta horrek, segur aski, bati baino gehiagori lanak ere emango dizkio.
Faboritoak aipatzerakoan, Izeta II.a izango da faborito nagusia. Urteetan aurrera joan arren, Aiako kirolaria oraindik oso maila onean dago, eta aurtengo udan ere torneo bat baino gehiago ere irabazi du, eta gauzak asko okertzen ez bazaizkio, bihar ere txapeletik oso gertu ibiliko da.
Bigarren posturako, berriz, lehia handi samarra ikusten da. Beste bi izetatarrak, Jexuxmari eta Hodei, eta Belioso agertzen dira postu horretarako egokienak. Aurtengo udan hauek ere behin baino gehiagotan neurtu dira honelako ekitaldietan, eta ez dira elkarrengandik oso aparte geratu.
Saio honek ikusmina ere handia piztu du. Parte hartuko duten kirolarien mailaz gain, antzinako harriekin arituko dira, eta horrelakoak, batez ere koadro zaharra, orain asko ikusten ez denez, jendeak ikusteko gogoa izaten du, eta eguraldi oso txarra ez baldin bada, ikusle asko inguratuko da lehiaketa hau ikusteko asmoarekin.