Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Literaturaren geroa (eta IV)
Susmoa dut literaturaren geroari buruzko eztabaida guztien oinarrian diziplina bera (literatura alegia) bezain aspaldikoa den galdera edo kezka dagoela. Hots, zein den literaturaren funtzioa. Horrela planteatuta, galdera baino gehiago baieztapena dela iruditzen zait. Alegia, eman dezake zinez jakin nahi dugula (eta, zorte pixka batekin, gure entzuleen laguntzarekin, aurkitu aurkituko dugula) zein den funtzio hori. Galdera, baina, ez da uste bezain desinteresatua, planteamenduak berak aurreikusten baitu funtzio bat egon badagoela. Izan ere, ez digute galdetzen, «ba ote du funtziorik literaturak?», eta galdera horri emandako erantzunaren arabera (erantzuna baiezkoa izatekotan), eztabaidatuko genuke funtzio hori zein izan beharko litzatekeen. Ez. Zuzenean esaten digute funtzioa egon badagoela, egia absolutua (edo a priori bat) balitz bezala, baina harengana iristea falta zaigula. Ilustrazio garaiko filosofiari buruz nolabaiteko ezagutza duzuenok berehala ohartuko zineten planteamendu horrek Kantek juzku estetikoaz esandakoaren antz handia duela. Hark esan zuen juzku estetikoa desinteresatua eta unibertsala dela. (Tira, Kanten arabera, denok dugu juzku estetikoak egiteko potentziala, baina denok ez dugu ahalmen hori garatu. Horretan ere klasista zen alemaniarra). Baina hala da zinez? Hain desinteresatuak ote dira artelanen («artelana» hitzaren zentzu zabalean ulertuta) gainean egindako balorazioak? Are gehiago, existitzen ote da erabateko objektibotasuna? Horrelakoetan komeni da Nietzsche gogora ekartzea, eta suntsimenera bakarrik eraman gaitzaketen absolutuak alde batera utzi.