Euskaraz egindako lehen filmak zaharberritu ditu Euskadiko Filmategiak
GARA | DONOSTIA
Gotzon Elortza zinemagile bizkaitarrak 1959tik 1962ra bitarte egindako hiru film zaharberritu ditu Euskadiko Filmategiak eta DVD edizio berezia kaleratuko du hiru lan horiekin. «Ereagatik Matxitxakora» (1959), «Aberria» (1961) eta «Elburua Gernika» (1962) dira zaharberritutako hiru sorkuntzak.
Filmategiaren iritziz, «euskal kulturaren altxor hau jendartean zabaltzea derrigorrezkoa zen», eta Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak babestuta, DVD edizioa kaleratuko du. Zaharberritze lanak Image Films eta REC Estudioa laborategietan egin dituzte.
Paisaia eta aberria
Film horiek joan den mendeko 50eko hamarkadaren bukaeran eta 60koaren hasieran egin zituen Parisen bizi zen Gotzon Elortza bilbotarrak. Euskara ikus-entzunezkoen mundura sartu ezean desagertzera kondenatuta zegoela ikusita, 16 mm-ko kamera hartu eta Bizkaira egiten zituen bidaia laburretan grabatzen zituen pelikulak. Bi filmetan («Ereagatik Matxitxakora» eta «Elburua Gernika») Bizkaiko kostaldea eta Urdaibai ingurua azaltzen dituen ibilbide sakona egiten du.
Hirugarrenean («Aberria»), aberria zer den azaltzen du Elortzak eta, horretarako, garai hartako euskal kulturaren pertsonaia garrantzitsu izan ziren Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolariak eta Victor Olaeta dantzaria erabili zituen aktore lanetarako.