KRITIKA haur literatura
«Osaba Elefante»
Asun AGIRIANO
Diotenez, haurtzaroa heriotzaren berri jakitean amaitzen da. Haur-literaturan animaliak maiz dira protagonista gai sakonak jorratu nahi direnean, heriotza kasu.
Haurrak bizitzaren krudeltasunaz hain kolpatuak ez izateko, zauri emozionalak ez urratzeko, liburu honen egileak animaliak erabiltzen ditu. Lobel-ek elefanteak aukeratzen ditu eta haurrak barnean gordetako galderei egoki erantzuten die. Gorputz sendo, azal zimur eta belarri zabaleko ugaztun handi hauek eredu aproposak dira bizitzaren itzal-argiak erakusteko.
Euskaraz lehendik Txerritxo eta Sagu kontuak ezagutzen ditugu, baina ezin utzi orri hauetara ekarri gabe garai guztietako klasikotzat hartzen den liburu hau, nahiz eta idatzi zela hogeita hamar urte igaro diren.
Kontakizuna gertaera tragiko batekin hasten da, «ama eta aita itsasoan galdu» egin zirela jakingo dugu. Heriotza ote? Elefante txikiak, bolada batean, Osaba xelebrearen babesa eta konpainia izango du. Berarekin ipuin berriak, abestiak eta hitz-jokoak ezagutuko ditu, arindu egingo zaio gurasoen desagertzeak ekarritako pena. Elefante txikiak, maitasunak ematen dion indarrarekin, aurrera egingo du. Osabarekin zauriak sendatuz doaz, esaera suediar batek dioen bezala: «pozak partekatzean bikoiztu egiten dira; eta tristurak, berriz, erdibitu».
Amaiera zoriontsua du liburuak. Osabari eta ilobari elkarrekin igarotako egunak eta izandako bizipenak oroimenean iltzaturik geratuko zaizkie.
Poetikotasun handiko ipuinak ditugu, kontsolagarriak. Istorio inozo eta xumeak dira, sinpleak itxura batean, baina sinpletasunak ez du zertan ahula izan. Bizipoza nonbait egotekotan, hortxe dago, egoera sinpleetan, trenean goazela telefono-zutoinak zenbatzean, esaterako.
Ipuinen elkarrizketak naturaltasunez eraikitzen dira. Narratzailea elefante txikia izanik, sinesgarritasun handiz hitz egiten digu: «Telefono-zutoinak zenbatzen saiatzen ari naiz, pasatzen ari direla. Baina dena azkar asko pasatzen ari da, erantzun zuen Osaba Elefantek. Arrazoia zuen. Dena azkar pasatzen ari zen».
Hurbileko tonua erabiltzen du egileak, neurtua, eta aldi berean, oso landua. Joskera erraza, hitz gutxi eta denak ere oso zehatzak. Zentzu honetan, haur irakurleak hitz berriak eskuratuko ditu orrialdeetan zehar, nabarmen azpimarragarriak: zimurrak, oskolak, karraska... Umeari xarmangarria egingo zaio hitz hauen sonoritatea. Haurren munduaren hiztegia aberasteko baliagarriak izango dira, baina nago «gur egin» bezalako lokuzio dotoreek heldu bitartekarien ezagutza ere eskatzen dutela, eta zenbaiti arrotz egingo zaizkiela.
Kontakizuna bederatzi ataletan banatuta dago eta egitura zirkularra du. «Osaba Elefantek atea zabaltzen du» kapituluak ematen dio hasiera liburuari, eta «Osaba Elefantek atea ixten du»-rekin amaitzen da. Ilobak ikasten dituen ipuin, abesti eta jokoak bizitzarako sarbide dira, hazibide. Lobel-en kontakizunek, askotan, alegia modernoen formula-egitura izaten dute.
Ilustrazioetan itzal eta argien arteko aldeak erabiltzen dira, elefantetzarrak maitagarriak egingo zaizkigu, baretu eta sosegatu, berotu eta epeldu egingo gaituzte.
Edozein haurrentzat ezinbesteko liburua, etxeko liburutegi zein erakundeetakoetan egon beharrekoa. Inork ez du Lobel-en antzik, inork ez du bere ahotsik.
Títulua: «Osaba Elefante».
Egilea: Arnold Lobel.
Itzultzailea: Manu López Gaseni.
Argitaletxea: Pamiela & Kalandraka, 2011.
Orrialdeak: 66.
Salneurria: 15 euro.
Aitziber Sarasola, de Bildu, manifestó que su grupo es «crítico» con el Museo de los Sanfermines en un momento delicado como el actual y añadió que «es un tema sobre el que hay que debatir largo y tendido».