GARA > Idatzia > Kultura

«Bertsio ofizialetik harago sakondu nahi genuen, eta lortu dugula uste dugu»

p054_f01.jpg

Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea

«El último paso» dokumentalaren zuzendariak

Florentino Goikoetxea Bigarren Mundu Gerran abiadore aliatuei laguntzen ibilitako herrikidearen berri izan zutenean ekin zioten zinemagile hernaniar hauek Comete sareari buruz ikertzeari. Ordutik leihoak zabaltzen joan dira, helburu baten alde osatutako lan taldean ibili ziren herrialde, adin eta egoera ezberdineko pertsonak ezagutzen, eta historia ofizialetik harago iristea lortu dute.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Principe antzokiko ataria jendez gainezka zegoen atzo arratsaldean eta «El último paso» Comete sareko lankidetzari buruzko dokumentalaren estreinaldirako sarrerak agortu egin ziren. Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea zuzendariek aurkeztu zuten lana Zinemiraren barrenean, eserlekuetan eroso-eroso jarritako publikoaren aitzinean. Han ziren, bertzeren artean, Mari Carmen Elizalde filmeko protagonista bat eta Joxan Goikoetxea musikaren egilea, pelikulaz gozatzeko prest.

Zer moduz sentitzen zarete sei urtetako lanaren ondotik lortutako emaitza ikusita?

Ondo. Kontentu eta gustura. Prozesu luzea izan da eta harrituta gaude gu ere zer lasai iritsi garen. Gorabehera handiak izan ditugu, batzuetan geldirik egon gara eta besteetan lan askorekin. Material asko dago, mota ezberdinekoa eta orduan beti egiten duzu salto alde batetik bestera. Asko kostatu zaigu pastel guztiari itxura ematea, dena ondo lotzea. Baina emaitzarekin oso gustura gaude.

Florentino Goikoetxearen istorioari tiraka hasi zineten.

Kontrabandista izan zen Bigarren Mundu Gerran, eta Hernanikoa izan arren, ez genuen ezagutzen. Adin batetik gorako jendea oroitzen zen berezia izan zela, mito bat zen. Gure belaunaldikook, berriz, ezer gutxi genekien.

Proiektua handitzen joan da, ezta?

Denbora guztian. Comete sareko mugalariak ibiltzen ziren tokietan barna egiten duten ibilaldian parte hartzen hasi ginenean segituan egin genuen harremana kanpotik etortzen ziren pilotuekin eta kontaktu hori askoz ere pertsonalagoa bihurtu zen. Gure buruari galdetzen genion: zer kontatu behar dugu? Zer dago berria kontatzeko? Eta prozesu horretan buruhauste handiak izan ditugu, historiari ekarpena egin nahi geniolako. Pentsatu genuen bazegoela zer eta nola kontatu eta aurrera egin genuen.

Zer berri ekarri duzue?

Berria baino gehiago, orain arte sarearen historian jarri izan da arreta eta guk gehiago begiratu diogu hor parte hartu zuen jendeari, zergatiei, egoera ezberdinei. Gero, Euskal Herrian zer gertatu zen argitu nahi genuen pixka bat. Kontrabandoarekin nahasten zen eta horri buruz ez du inork hitz egiten. Gainera, gertatu zaiguna izan da benetan jakin zuten haiek ja ez daudela. Hemengo zatia izan da zailena argitzeko. Oraindik egiten zituzten bide batzuk ikertzen ari dira.

Oraindik bada lana egiteko.

Pila bat. Topatu dugunaren ehuneko oso txiki bat sartu dugu dokumentalean. Egin ditugun elkarrizketa guztiak eta aurkitutako materialak jendearen eskura utzi nahi ditugu webgune batean.

Nola erreakzionatu dute protagonistek filma ikustean?

Ondo. Pila bat hunkitu dira denak, ez zuten halako lana espero. Beraientzat izugarria izan da eman diguten artxibo materiala, argazkiak eta abar nola landu ditugun. Uste dugu oso ondo lortu dugun gauzetako bat pertsonak, giroak, momentuak beren testuinguruan jartzea izan dela. Mari Carmen Elizaldek, adibidez, honela esan zigun: «Ze ondo azaldu duzuen nire aita!».

Hainbertze material izanda, dokumentala ulerterraza izan dadin saiatu zarete, ezta?

Bai. Ikuslea sarea ulertzeko ikuspegi orokor batekin ateratzea nahiko genuke. Historikoki zehatza da, baina ez dugu dena kontatzen; leihoak irekitzen ditugu.

Gau bat da abiapuntua: baserri bateko sutondoan bost lagun daude noiz atertuko duen zain norbaitek atea jotzen duenean.

Herrialde ezberdinetako pertsonaia klabeak ditugu, une dramatikoa da, suspensea dago, dena dauka. Hori erabili dugu ardatz narratibo gisa leihoak irekitzeko.

Nolakoak izan dira protagonistei egindako elkarrizketak?

Kamerarekin joan ginenerako nolabaiteko harremana eta konfiantza bazegoen. Orain ikusita, pentsatzen dugu: «Zer gauza kontatu dizkiguten, zer gauza pertsonalak! Nola ireki diren!». Urteetako tratuaren ondorio izan da hori, elkarrizketetan posizio pribilegiatuan geunden eta hori lortu nahi genuen, bertsio ofizialetik harago sakontzeko. Lortu dugula uste dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo