GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

59 DONOSTIA ZINEMALDIA

«Adorea» eta «barrabilak», etorkizuneko zinemari eusteko

Euri zaparradatik eguzki distiratsuraino, zinemaren etorkizuna irudikatuz eta imajinatuz eman zioten hasiera atzo iluntzean 59. Zinemaldiari. Internetek protagonismo berezia izan zuen, baina ez agian antolatzaileek uste bezalakoa. Iragarritako streamming bidezko emisioek atzerapen handiak izan baitzituzten. Frances McDormand epaimahaiburuak, «adorea» izan zuen ahotan, «barrabilak», zehatzago izateko.

p048_f04.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Teknologia berriek gure egunerokoan duten gero eta presentzia handiagoak kezkatuta, etorkizuneko zinemari buruz hausnarrean ekin zion bideari atzo Donostiako 59. Zinemaldiak. Ordubete pasatxo iraun zuen Kursaaleko inaugurazio galari, ordea, Interneti keinu egingo ziola iragarri zuten arren, teknologiek bizkarra eman zioten lehenengo egun honetan. Zuzeneko emisioek kale egin zuten eta sare sozialetako aipamen gehienak kexuak izan ziren hasieran.

Dena ez zen kazkabarra izan, hala ere. Marta Etura eta Barbara Goenaga, eguraldi iragarleak bailiran, ilunetik argira soinekoz aldatuz joan ziren, zinemari desioko lioketen etorkizuna irudikatuz. Izan ere, egungo krisi egoerak nahiz zibernauten ohitura berriek hasiera batean geroa beltz ikusarazten duten arren, baikortasun mezuak nagusitu ziren bukaeran.

Etorkizunera begira egin beharrekoa, hala ere, Sail Ofizialeko epaimahaikideek adierazi zuten ondoen. Banan-banan agertuz joan ziren lehen aldiz eskailerarik gabe jarritako Kursaaleko agertokira, eta hainbat hizkuntzatan, guztiek hitz berbera errepikatu zuten: «Adorea». Alex de la Iglesia bilbotarra izan zen euskaraz esan zuena. Dezente zehatzagoa izan zen Frances McDormand aktore eta epaimahaiburua, adorea eta barrabilak ere aipatu zituen serio-serio jarrita.

Zuzendari bezala lehenengo Zinemaldia izango duen Jose Luis Rebordinos ez zen atzokoan taula gainera igo, baina berak antolatutako sekzio nahiz atzera begirako mordoetako protagonistak hitza hartuz joan ziren, horien artean Juan Diego Boto. Horizontes Latinos saileko presidenteak Jordi Dauder zendu berri den aktore kataluniarra gogoan izan zuen hunkituta.

Galako beste momentu berezienetako bat Jacques Demy zinemagilearen alarguna, semea eta alaba igo zirenekoa izan zen. Agnes Varda alargunak azaldu zuenez, «nire pelikula batzuk proiektatu izan dituzte hemen, baina gaurkoa ezberdina da, familian etorri gara». Gainerako gonbidatuen artean izan ziren Liu Yiajin eta Zhu Wen zuzendari txinatarrak, Nagore Aranburu aktorea, Jonathan Rosenbaun zuzendaria edo Andoni Luis Aduriz sukaldaria. Terrence Malicken «The tree of life» pelikulak, gainera, Fipresci saria jaso zuen, nahiz eta zuzendariak ezin izan zuen jasotzera etorri.

Harmailetan, berriz, elkarren ondoan izan ziren Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Patxi Lopez lehendakaria eta Angeles Gonzalez-Sinde, espainiar Kultura ministroa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo