Floren Aoiz www.elomendia.com
Dana emon biar yako maite dan azkatasunari
Zepoan nahi gintuzten eta zepotik ihes egin, segadari muzin egin eta bestaldetik ageri gara, espero ez gintuzten lekuan, iristea galarazi ezin izan dutelarik
Arraroa da nik bizkaieraz idaztea, nabarmena baita ez naizela ongi moldatzen, baina, lasai: izenburua besterik ez dut eginen, eta hori ere ez da nirea, Lauaxetarena baizik. Edonola ere, ez al da ederra? Nekez esan daiteke argiago. Bai, egia da, dena eman behar diogu maite dugun askatasunari. Bestela, ez dugu askatasunik izanen, eta ez dugu maitatzen ikasiko.
Batzuek askatasunari dena eman diotelako iritsi gara gaurko egoerara. Eta dena diodalarik, bizitza esaten dut, batez ere. Hilik gertatu ala ez, zenbat bizitza gelditu diren bidean! Zenbat ibilbide mozturik! Zenbat oinaze, zenbat malko! Baina, bat ere ez da galdu, gezurra badirudi ere, batzuek borrokaren antzutasuna saldu nahi diguten arren. Denek osatu dute askatasuna oztopatu nahi zuen horma hautsiko duen uholdea. Olatuak ttanttaz ttantta egiten baitira, ez baitago besterik. Hondarreko egunotako berriak direla-eta, bilana egiteko unerik onena ote den galdetu diot ene buruari, eta aitortu behar dut ez naizela erantzunik aurkitzeko gai izan. Alde batetik, une bat bukatu dela atzematen dut; bideak, ordea, jarraitzen du eta, gauzak horrela, nola jakin noiz den atzera so egin eta ibilitakoa aztertzeko tenorea?
Aitortu behar dut nire sentimenak nahasi egin zirela ETAren aldarrikapena begien aitzin jarrita. Une batez, zirrarak, ideiak, oroitzapenak, lehertutako-hautsitako-ahaztutako-edo-gauzatutako ametsak, penak, pozak, zapuzketak, ustekabeak, akatsak, asmakizunak, egin duguna eta egin ez duguna, soberan zegoena eta faltan izandakoa... dena etorri eta erori zitzaidan gainera, emozioen ekaitz baten erdian. Zaila da azaltzea, baina jakin badakit zuk, ondoko horrek eta urruneko hark ere ulertzen nauzuela. Ez nabil makur, ezta?
Emandako urteotako historia ez baita idazki hotza, gure bizitzaren hotsa baizik. Egia esan, ezin dugu indar gehiegirik galdu bilanan, arnasa hartu eta aurrera jarraitu behar dugulako. Bada zer aztertu, eta zorioneko bidea eginik dagoela esan behar da, jaurtiko dizkiguten gezur eta zikinkeria guzien gainetik, baina, lasai eta gogotik aurrera segitzeko unea dugu egungoa. Ezin dugu iraganaren inguruko ika-mikatan korapilatu, etorkizuna irabazteko asmoa dugulako.
Bistan dugu une luze eta ilun bezain emankor honen uzta. Ikusten dugu, halaber, gure poza tristura eta zapuzketa bilakatu nahi dutela, nagusiarazi nahi duten derrotaren errelatoaren bidez. Entzuten diegu porrot egin dugula, alferrikakoak izan direla gure minak, gure lanak, gure urratsak, gure ahaleginak... baina irribarrez erantzunen diegu, bai to! Zepoan nahi gintuzten eta zepotik ihes egin, segadari muzin egin eta bestaldetik ageri gara, espero ez gintuzten lekuan, iristea galarazi ezin izan dutelarik. Konturatu orduko, ez geunden jada eraman nahi gintuzten zoko ilun horretan, joko-zelaiaren erdian eta baloia oinetan baizik.
Horrenbestez, emozioz betetako une honetan, bilana bistatik galdu gabe, hurrengo pausoei erreparatu behar diegulakoan nago. Dena eman behar zaiolako maite den askatasunari. Gehiago emateko dugulako, askoz ere gehiago, eta merezi duelako, zinez merezi ere!