GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Esti Amenabarro Villabonako amnistiaren aldeko mugimendua

Espetxeak apurtzea beste helbururik ez zuen gizon bat

Villabonako amnistiaren aldeko mugimendua osatzen dugun kide guztiok, preso eta iheslarien senide, lagun eta preso ohiek gure samina agertu nahi dugu gaur ezbeharrez zendu den Iñaxio Zelarain Oiarzabal gure kide, borrokakidearen heriotzaren aurrean.

Lerroon bitartez, une latz hauetan bere senide eta gertukoei eta bereziki euskal preso politikoak diren Julen Zelarain (aita), Pello Zelarain (anaia) eta Oskar Zelarainen (iloba) ondoan egon nahi dugu; bahituak dauden ziega ilunetan gure babesa jaso bezate. Gaur billabonatarren buru eta gogoak Huelvan, Alacanten eta Madrilen daude. Eta nola ez Emilirekin, Ramonekin,Bixirekin eta senide guztiekin.

Urte luzeetan, Iñaxiok euskal preso politikoen senide bezala bere errealitatearen testigantza egiten duen zapia eta presoak Euskal Herriratzea adierazten zuen pina ia beti soinean eraman du (askotan agertu da publikoki euskal preso politikoek izaera politikoa dutela eta euren eskubideen jabe direla aldarrikatzen), duintasunez eta harrotasunez herri honen askatasunaren aldeko borrokaren lekukotza egin du.

Dispertsioaren urte ia guztietan senideak izan ditu espetxean (Herrera de la Manchara autobusez joaten ezagutu dugu eta larunbat honetan bertan Alacantera zihoan bere anaia bisitatzera), errepresioaren krudelkeria denak pairatu behar izan ditu bere azalean (semeak nola torturatu dizkioten ikusi du, semeak presoen eta iheslarien aldeko lana egiteagatik, hots, lan politiko eta publikoa egiteagatik nola kartzelara eraman duten ikusi du, epaiketa luze baten ondoren, anaia espetxean ikusi du ihesaldi luze baten ondoren, iloba torturatua izan da bortizki).

Noski, Iñaxiori ez zaio inolako aitortzarik zor, ez behintzat botere publikoetatik. Iñaxiok herritarrak izan ditu lagun eta haiek dira lekuko eta haiek esan bezate.

Beti tinko, bere seme eta senideen aldeko borrokan. Hileko azken ostiralak ia inoiz ez dituk berdinak izango Iñaxio. Guk hik erakutsitako indar eta adoreaz blaiturik lanean jarraituko diagu, kaleak bete eta espetxeak hustu behar baitizkiagu. Adiorik ez.

Muxuak Julen, Pello eta Oskarrentzat. Baita familia osoarentzat ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo