ETAREN ADIERAZPEN HISTORIKOAREN ONDORENEAN
Lopezen elkarretaratzeetan ez zela jende askorik bilduko iritzi dio EAJk
ETAren erabakia dela-eta «poza» adierazteko ekitaldirik ez da egingo azkenean. Ika-mika sortu da horren inguruan, eta atzo EAJko Andoni Ortuzarrek esan zuenez, PSEren benetako asmoa Patxi Lopezi protagonismoa ematea zen. Bere ustean, ez zuen jende askorik bilduko, gainera.
GARA | DONOSTIA
Gaur bertan egin nahi zituen Lakuako Gobernuak herriz herri ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu izana ospatzeko ekitaldiak, baina azkenean bertan behera gelditu da egitasmo hori. PSEk EAJri egotzi dio errua (Oscar Rodriguez legebiltzarkideak ezker abertzaleari «zeharka begiratzea» aurpegiratu zion atzo), eta jeltzaleek erantzuna eman dute.
BBBko buru Andoni Ortuzarren ustez, Lakuaren benetako asmoa ez zen agertoki berria «ospatzea», «argazkitik kanpo gelditu zen lehendakaria berriro ere barruan kokatzea baizik».
Rodolfo Ares Barne sailburuak «ez du egia esan», Ortuzarren hitzetan, EAJren aurka egin duenean. «Ados geundela esan genion guk Lehendakaritzan, baina garai berri batek indar berriak ekarri behar dituela erantsi genuen», adierazi du agintari jeltzaleak.
Mahai gainean bi aukera jarri zituztela zehaztu du Ortuzarrek. Bata, elkarretaratzeak Lakuak, Eudelek eta hiru aldundiek adostea. Bigarren proposamena alderdien eta gizarte eragileen bitartez bideratzea zen. Edozein kasutan, ekitaldiotan «gehiengo handi batek» parte hartu behar zuela nabarmendu zuen EAJk.
Ezker abertzaleak ez zuela parte hartuko aurreikusten zuten jelkideek, eta horretaz gain, ez zuten argi ikusten «Aralarrek, EAk, Alternatibak eta ELAk» ere ekimenarekin bat egingo ote zuten. Hala ere, Ortuzarrek salatu zuenez, asmoa euren kabuz zabaltzea erabaki zuen Rodolfo Ares sailburuak.
Gauzak horrela, azkenean ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du Lakuak, eta ulergarria deritzo erabaki horri EAJk; «deialdi honen atzean jenderik ez dela izango jakin badakielako seguru asko». «Herri honetan sobera ongi dakigu zeinek jartzen duen jendea manifestazioetan», erantsi du Andoni Ortuzarrek Radio Euskadiri egindako adierazpenetan.
Bestalde, Mikel Arana Ezker Batuko legebiltzarkidea ere auziaz mintzatu zen ETBri emandako elkarrizketa batean. Elkarretaratzeok antolatzeko ezintasun hori Gernikako Akordioaren sinatzaileek iragan larunbatean Bilbon egin zuten deialdiarekin alderatu zuen, honetan jendetza bildu zela gogora ekarriz. Horixe eman dute aditzera mundu zabaleko hedabide ugarik ere.