AIZKORA Bizkaiko binakako finala
Atutxatarrek beren agintea baieztatu behar dute
Norgehiagoka 12.30etik aurrera jokatuko da Algortan, Batzokiko plazan.
Jon LEUNDA
Bizkaiko Aizkolarien Binakako Txapelketako finala jokatuko da gaur eguerdian Algortan, Batzokiko plazan, 12.30ean. Honakoek parte hartuko dute: Kepa eta Aitzol Atutxa, Larrea eta Aldape, Irazabal eta Bihurri, Lekue eta Oregi, Mendieta eta Intxausti, Txikon eta Garcia eta Zelai eta Garitaonaindia.
Txapela irabazteko faborito nagusiak Kepa eta Aitzol Atutxa izango dira, aita eta semea. Beraiek dira egungo txapeldunak, eta gainerakoei zaila egingo zaie hauek mendean hartzea. Proba hau, gainera, ongi etorriko zaio Aitzoli, datorren igandean jokatu beharko baitu Euskal Herriko Lehen Mailako finala.
Gaur eguerdian Algortan batzen direnek izango dute ikusteko gehiago ere, Bizkaiko Binakako Trontzalarien Txapelketa ere jokatuko baita. Bertan parte hartuko dutenak, honako trontzalari hauek dira: Ardeo eta Arozena, Astondoa eta Etxebarria, Atxa eta Intxaurbe, Arkaitz eta Oier Arana eta Ibai Arana eta Loiola. Oier eta Arkaitz Arana izango dira Astondoarekin eta Etxeberriarekin batera txapela lortzeko faborito nagusiak.
Azkenik, Urdax Magunazelaiak 14 urterekin marka egin nahi du harria jasotzen. Horretarako, 170 kiloko harri errektangularra erabiliko du, eta hori jasotzea izango du helburu. Gaztetxoa izan arren, jadanik marka handiak egiten ari da.