GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Apustua Azpeitia

Dirua Joseba Otaegiren alde aterako dela dirudi

J.L.

Bihar eguerdian Azpeitiko zezen-plazan Joseba Otaegik eta Xabier Zalduak jokatuko duten apusturako, badirudi diruak zizurkildarraren aldeko joera izango duela, bai behintzat apustu makinetan.

Norgehiagoka estua iragartzen dute denek, baina bata Lehen Mailan dago eta bestea, Bigarren Mailan, eta egin behar duten estreinako lana aizkora izango dela kontuan hartuta, badirudi jendeak Josebaren alde egitea erabaki duela. Dena dela, bihar desafioa abian jartzen denean, eta gauzak nola doazen ikusi ostean, apustuak ere aldatu egin daitezke.

Sarrerak jadanik salgai daude Azpeitiko, Zizurkilgo eta Urretxuko taberna batzuetan, baina igandean bertan ere, desafioa hasi aurretik, Azpeitiko zezen-plazako leihatilak zabalik egongo dira. Helduek 30 eurotan erosi ahal izango dituzte sarrerak; 16 urtetik 18ra bitartekoek, berriz, 20 eurotan. Hortik beherakoek ez dute ordaindu beharrik izango. Ikusmin handia dago, eta harmailek itxura oso polita izatea espero da, aspalditik zaleak neurketa hau ikusteko gogoz baitaude. Biak gazteak izanik, gazte jende asko ere espero da, eta girorik ez da faltako.

12.00etan hasiko da apustua bihar. Hasteko, aizkorako lanak egin beharko dituzte, hamar kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztuz. Enbor txikiak Zalduak eramango ditu eta handiak, Otaegik. Lan horiek amaitutakoan korrika hasi beharko dute, zezen-plazan bertan, zortzi kilometro egiteko. 5.000na euro jokatuko dituzte.

Zeinek irabaziko duen jakiteaz gain, lanak amaitzeko zenbat denbora beharko duten jakin nahi dute zaleek. Alde horretatik, aizkolariek ez dute ezer esan nahi izan. Hasteko, enborrak nolakoak ateratzen diren ikusi beharko baita, eta gero aizkorako lanak amaituta, korrika nola hasten diren ere bai. Dena dela, biak oso ongi prestatuta doaz, eta seguru asko lan ikusgarria egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo