Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Oharra (II)
Euskal literaturan bertan aurki ditzakegu landa-eremuaren argi-ilunak ezin hobeto islatu dituzten lanak. Aurreko zutabeetan aipatzen nuen «larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak» esaldia, esaterako, adibide horietako batetik hartua da, Joseba Sarrionandiaren «Martin Larralde» poema. Bertan modu ezin ederragoan azaltzen zaigu landa-eremuko bizimoduaren goxoa (larre berde, etxe zuri, teila gorri horiek) eta gazia (perfumaturiko arima erakutsiz mezetara doan jendea, hipokrisiaren metafora bikaina), ustezko paradisuan sagar ustelik ere baden seinale.
Anjel Lertxundiren «Hamaseigarrenean, aidanez» nobela laburra ere aipa genezake, non landa-eremuan gertatzen diren bazterketa kasuak aipatzen zaizkigun kaletarra/kanpotarra eta emakumea den pertsonaia baten ikuspuntutik.
Edo Bernardo Atxagaren «Bi anai», non, bazterketa kasuen ildoari jarraituz, psikologikoki ezgaitua den pertsonaia batek eta haren anaiak aurre egin behar dieten agertzen diren aurreiritziei. Egile beraren «Obabakoak» narrazio bilduma ere hor dago, zein «Soinujolearen semea». Batean zein bestean landa-eremuaren inguruko mitologiari buelta ematen zaio, haren atzean ezkutatzen den errealitatea (maiz krudela) agerian utziz.
Jakina, beti izango da sinplekeria maite duen irakurle ezjakinik, duela aste batzuk aipatzen nuen amazon.com-eko iruzkingile hura bezala. Ziur aski, irakurle klase horrek gehiago gozatuko du Dave Boling-en «Guernica» nobelaren moduko lanekin, non konturik konplexuenak (Gerra Zibila, kasu honetan), maitasun istorio gatzgabeko baten testuinguru gisa azaltzeko diren.
Baina beste baterako utziko dugu Bolingen lana.