GARA > Idatzia > Kultura

POESIA

Filosofo-har(r)iei segika zorionbidean

p046_f02.jpg

Ainara MAYA

Bizitza ulertzeko ahaleginean itzuli zaigu aurten Aritz Gorrotxategi liburu sakon honekin, olerkiz, aipuz eta aforismoz, guri erakustera zoriontsu izaten ala ez, baina elkar ulertzeko sortuak garela batez ere adieraztera, hitz xumez.

Ulertzea lanbide duen poeta honek eskua eskaini digu hariaz beste aldean norbait aurkituko zuelakoan, eta harriak utzi dizkit orrialdez orrialde bizi-bidearen seinale gisa. Eskuetan ez dut haririk, baina azkenean ohartu naiz ni, izokin hau, itzultze-bideari ekin behar diodala berandu baino lehen. Ni naiz hariaz beste egin dudana, Aritzen hariari segika, itzulika inguruan, galdezka, hutsunez betea, eta Sarrionandiaren aipu hartaz oroitu naiz: azkenean ez dagoela haririk.

Zu eta ni, gu, irakurle, bakarrik gaude begietan, barrurantz sustraiak bilatzeko. Zu eta ni iraungi ginen, Mr. Big, ezin izandu ginen kiskali arte maitatu, eta udaratik negura eten bat gertatu zen. Denborarik ez adiorik esateko, baina besarkada bat zuri, ene bihotzeko lagun, garenaz pentsatzen baitoa bizitza, eta heriotza zu gabeko marra luzea baita.

Zu zara orain, irakurle, beste aldea, haria, bidea. Neu, zu, mundua. Bukatua naiz, ez hil naizelako, zu niretzat hil zarelako baizik, hasi baino ez ginenean, ene Mr. Big maitea, heriotza gutxienekoa da eskuetan haririk ez bada, arraina zu, zerua ni, eta itzuliko naiz noizbait ezezagun zaizkidan lurretatik, inor ez badut ere zain toki ezagunetan, lekuak garrantzirik ez duen arren. Nahi dudana esanez ez dut nahi dudana entzungo, ohartu naiz jada horretaz, Aritz, mila esker, ohartu naiz dena esanda dagoela, baina ez entzunda. Irakurri zaitut orriz orri, eta orain nire barneko orrialdeen soinua entzuteko tenorea heldu da.

Dena esanda dago, beharbada, baina ez entzunda, txorien txorrotxioa ez baita musika; soinua da. Entzuten dut txorrotxioa eta murmurioa, eta ni izokina naiz eta itzulerako bidea hasi dut ibaian gora zauriturik. Zauria ni, orbaina zu, minberean izuturik nago, lumaren isiltasuna ni eta zu. Bizitzaren zentzuan gora zorionbidean, zoriontsu ala zoritxarreko.
Gero eta pisuagoa da bizitza, gaizkia atzean uztea, aise ohitzen gara gezurretara, eta orainaldiko bizimoduak jenderik gehiena arrunt eta bizitasunik gabea bihurtzen ohi du; denak gara berdinduak itsaso zabal zaharrean. Hondarreratzen den olatu bakoitza berria izan arren, (ez)berdina da beti itsasoa.

Jakiteak min ematen du, eta bizitzan aitzina segitzeko, ikasitako hori ahanztea omen da zorionbidea, baina orduan zergatik ikasi ahaztu behar badugu gero? Ez dakit, Mirande, zertarako ikasi, jakiteak min ematen badit. Dakidan gauza bakarra da ez dakidala ezer, beste filosofo greziar hark esan zuen gisa berean, eta denbora bizkor doala gogoetan eta bakarrizketetan, eta denborari eutsi egiten diogula etsi arte. Izan ere, nola bilatu zentzua etengabe mugitzen eta aldatzen denari?

Harri iraunkorrak behar ditugu bizi-seinale, gal ez gaitezen harietan, bideetan, eta ez ahazteko etxerako bide luzeegia. Mina denona dela ulertzeko ahaleginetan ibaian gora abiatuko naiz uzta garai honetan, negar garai honetan, hostoak erortzen dira, eta esan ezin diren hitzetatik negarrez, isilik, ibaiak gazituko ditut itsasoa gezatuz.

Gorputz bati eusten dion haririk gabeko arima txiki bat besterik ez nauzu, Aritz, eta ulertzen ez dudanaz, beraz, nahiago isilik gelditu, ezin bainaiz joan ene pentsamenduez haratago. Baina jakizu hariaz beste honetan ni aurkitu nauzula.

xorinokantharia@hotmail.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo