GARA > Idatzia > Kultura

«Suite frantsesa», Irene Nemirovskyren lanak badu euskarazko itzulpena

GARA | DONOSTIA

Orain dela hogei urte Irene Nemirovsky idazle ukrainarra oso gutxi aipatzen zen idazleen munduan. Hainbat eleberri kaleratuak zituen, baina sekula ez zen idazle garrantzitsutzat jo, «Suite frantsesa» (Alberdania) eleberriaren eskuizkribua topatu zuten arte. Bigarren Mundu Gerra bitartean idatzi zuen testu horrek sartu zuen idazleen zerrendan. «Gaur idazle handia da eta, batez ere, holokaustoaren literaturak eman duen idazle onenetarikoa», esan zuen atzo egindako aurkezpen ekitaldian Anjel Lertxundik.

2004an kaleratu zen lehen aldiz eleberria hau, eta orain badu euskarazko itzulpena, Jose Antonio Sarasolak eta Mikel Garmendiak egindako lanaren ostean. «Gozamen bat da itzulpena. Inbidia ematen du bertan dagoen jario narratiboak», aitortu zuen Lertxundik.

Eleberriak, naziak Parisen sartu ondoren, bertako juduek Parisko errepideetan barrena hasi zuten exodoa azaltzen du. Giza komedia egiten duela adierazi zuen euskal idazleak. Bere gizarte-maila berekoei buruz hitz egiten du Nemirovskyk, baita hainbestetan zirikatzen zituen burgesei buruz ere. «Kontraste hori da liburuan agertzen dena. Askotan ironia handiarekin hitz egiten du; oso zuzen eta modu bizian kontatua dago historia».

Bi emakume

Azkenik, emakumezkoa izateak duen garrantzia aipatu zuen Lertxundik. Izan ere, holokaustoari buruz idatzi duten gehienak gizonezkoak izan dira eta liburuak a posteriori idatzitakoak izan dira, hau da, urteak igaro ostean. Emakumezkoen kasua, ordea, erabat ezberdina da. Holokaustoari buruzko bi idazle daude: Irene Nemirovsky eta Ana Frank. Biek bizi izan zuten holokaustoa eta biak kontzentrazio-esparruetan hil ziren, bata Auschwitzen eta, bestea, Bergen-Belsenen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo