GARA > Idatzia > Kultura

GAZTE LITERATURA

Plater gazi-gozoak bezala

p046_f03.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

“Izu taupadak” sailean argitaratu da Josu Waliñok gazteentzat idatzitako lehen liburu hau, eta egia da gaia heriotza dela, heriotzaren inguruko istorioak, Herio protagonista duten kontakizunak… baina, era berean, egia da istorioek ez dutela beldur handirik ematen (baina protagonista horrekin, ezin “Bizi taupadak”-en barruan kokatu istoriook).

Hamar kapitulutan banaturik dagoen liburu hau kontakizunez, istorioez osaturiko nobela bat dela esan dezakegu. Heriotzaren inguruko istorioez osatua dago, eta horretarako nahikoa da aurkibideari erreparatzea (“Herioren bisita”, “Heriotzarik gabeko istorio bat”, “Heriotzaren balioa”, ”Heriotzari ihesi”…) horretaz jabetzeko. Josu Waliñok ospitaleko ohean gaixo dagoen Josu narratzailea darabil liburuko kontakizun guztiei batasuna emateko, baina baita protagonista nagusia –Heriorekin batera– izan dadin; hasieratik bertatik, liburuko lehen esaldietatik, ikusi ahal dugun bezala: «Heriotza gelan sartu denean esna nago. Gauetan lo egitea kosta egiten zait, egun osoa ohean pasa ondoren ez baitut logalerik izaten. Ospitaleko nire gela arakatzen pasatzen dut denbora».

Josu eta Herioren arteko lehen enkontru horretan bertan ezarriko dira liburuaren, eta protagonisten, erregelak. Heriok Josu eraman nahi du; honek, ordea, ihes egin nahi dio eta Bagdadeko morroiaren istorioa –gure artean Atxagak  “Henry Bengoa Inventarium” ezagunean hainbatetan errezitatua– kontatzen dio guztiz eraldaturik.

Herio eta Josuren arteko jolas horretan, bizitza bera jokoan dagoen jolas horretan, bestelako protagonistak ere agertuko dira, ospitaleko gelakidea, lagunak… eta haiekin batera ipuinak, istorioak, anekdotak, kontakizunak, heriotzaren inguruan; Ecok errebindikatzen zuen postmodernismoaren hainbat ezaugarri (intertestualitatea, esaterako) nabarmenak direlarik. Irakurleak, horrela, istorio baten barnean hainbat istorio txiki ezberdin dastatzeko aukera izango du; plater txikiz osaturiko jatordua egingo balu bezala, irakurleak estilo eta tonu ezberdineko narrazioez gozatu ahal du. Izan ere, Josu Waliñok eskainitako istorioen artean –hainbat sari irabazi dituzten ipuinak barne– gai oso ezberdinak aurki ditzakegu; Bagdadeko morroiak, esaterako, heriotzaren bisita eskatuko du militarrek duten ziega barnetik; Hargin andaluzak, Hernanin jasandakoak jasan ondoren, hainbat urteren buruan Euskal Herrira itzultzean torero, harri eta zur utziko du Txirrita adar-jolea; baina horien ondoan eguneroko trena hartzen duen suizidaren kontakizuna aurki dezakegu edo abusu gehiago jasan ezinik, aitari «Poliki. Astiro. Eta… klak. Marrubiak biltzeko labana sartu zion» neskarena.

Istorio gordinak dira asko, gure eguneroko bizitzan girotuak eta beste garai edo toki  batekoak, baina guztietan bada kontakizunak irakurlea harrapatzeko asmoa. Arestian aipatu ditugun plater txiki horiek janez gozatzeko, nahiz eta batzuetan piperra egon, beste batzuetan sentsazio gazi-gozoa utzi… eta amaiera, aldiz, gure arteko jatorduetan izan ohi diren bezala, goxoa, itxaropentsua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo