GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaraz bizi ahal izateko dinamika aurkeztu du Kontseiluak Donostian

Euskaraz bizitzearen aldeko dinamika aurkeztu zuen atzo Kontseiluak. Erakundearekin batera, arlo ugaritako jendeak parte hartu du egitasmoan. Bideo proiekzioez eta musika emanaldiaz osatu zuten aurkezpena.

p020_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

«Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu...» ekitaldiaren bitartez, euskaraz bizitzearen aldeko dinamika aurkeztu zuen atzo Kontseiluak Donostiako Doka kafe antzokian. 2010eko maiatzaren 15ean Iruñean egindako manifestazioa da dinamikaren iturburua eta horren jarraipena da orain abiatuko duen dinamika. «Normalizazio prozesuan urrats kualitatiboak eman nahi baldin baditugu, beharrezkoa da eraldaketa soziala, eta eraldaketa sozial horretan, guztiok dugu zer egina eta zer esana», esan zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Dinamika zabala dela erakutsi nahian, aurkezpen ekitaldian bertan jende andanak hartu zuen parte, batzuek agerraldian bertan izanda eta beste batzuek, berriz, bideoan harturiko adierazpenen bitartez. Euskaraz bizi nahi duten pertsonen testigantzak ageri ziren hor; horien artean jende ezaguna ere bazen: besteak beste, Kike Amonarriz, Miren Amuriza, Eneko Lazkoz eta Maddalen Iriarte.

Esne Beltza taldeko Xabi Solanok zuzenean jo zuen bere taldearekin dinamikari ekarpena eginez sortu duen abestia.

Uda garaiko hainbat ekitalditako (EHZ festibala, Kontxako estropadak, hiri eta herrietako festak...) irudiekin osatutako bideoa ere proiektatu zuten aurkezpen ekitaldian. Galder Gonzalezek euskaraz bizi nahi duten herritarren komunitate birtuala aurkeztu zuen, eta ekimenerako sortutako webgunea aurkeztu zuen: www.euskarazbizinahidut.org. Helbidea laster egongo da sarean.

Dinamika honen funtsa gizarte mugimendu zabala eratzea da eta euskaraz bizi nahi duen orok dinamikan lekua duela azaldu zuten. «Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak eta gure egunerokoan hori praktikan jartzen dugunak», esan zuen Bilbaok.

Arlo ezberdinei, proposamena

Norbanakoez harago ere, gizartearen arlo desberdinetan lanean ari direnei hausnarketa aurkeztu eta dinamikan parte har dezaten proposatu die Kontseiluak, eta aurrerantzean ere proposamenak egiten jarraituko dutela azaldu zuten.

«Garai berri hau euskararen garaia izango dela bermatu behar dugu guk guztiok», aipatu zuen Bilbaok. Herritarrek euskaraz bizitzeko erabakitasuna erakutsiz gero, euskaldunek euskaraz bizitzea lortuko dutela ziurtatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo