GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Arnaldo Otegiren aldeko jaialdia

8719600510 melodia askatasunaren alde

Musika, ideiak, sentimenduak eta mezuak helarazteko bide aproposa dela aspaldiko ustea da. Joan den ostegunean Elgoibarko Herri Antzokian inoiz baino argiago geratu zen hori, Arnaldo Otegi askatzeko exijitzeko egindako jaialdian.

p048_f01_199x100.jpg

Koldo OTAMENDI

Elgoibarko Herri Antzokia txiki geratu zen Arnaldo Otegiren askatasunaren aldeko jaialdia hartzeko. Arratsaldeko zazpi eta erdietarako aretoko eserleku guztiak beteak ziren, musika eta elkartasuna batu zituen musika ekitaldia jasotzeko. Era berean, ehunka lagunek jarraitu zuten emanaldia Internet bidez, une batzuetan mila lagunetik gora konektatu zirelarik. Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Zea Mays, Napoka Iria eta Gose izan ziren oholtza gainean, Arnaldo Otegiren argazki erraldoia, bere preso zenbakia eta “Arnaldo Askatu” leloa atzean zituztela.
 
Bi aurkezlek ireki zuten ekitaldia, jaialdiaren nondik norakoak azalduz. Arnaldo Otegiren askatasuna aldarrikatzeaz gain, preso politiko guztien askatasuna aldarrikatu zuten. Emanaldi osoan zehar Otegik esandako hitzak ekarri zituzten gogora, bai eta Che Guevara eta Nelson Mandelaren esaldi ezagunak ere.
 
Oreka TX bikoa izan zen agertokira igotzen lehena. Harrizko txalaparta lanabes, bi kantu jo zituzten, bi ordu inguru iraungo zuen jaialdiari hasiera emanez. Txalapartarien ondoren, Mikel Urdangarinek hartu zuen lekukoa. Bi kantu jo zituen. Lehena, Mikel Laboak Joxanton Artzeren letrekin egindako “Martxa baten lehen notak”. Bigarrena, berriz, bere kantu bat. Jon Gurrutxaga ere bakarrik taularatu zen, gitarra eta harmonika lagun. Elgoibarko musikariak txalo ugari jaso zituen blues doinuez hornitutako bere saioan.

Aho bete hortz
 
Jaialdiak izan zituen une berezien artean, Napoka Iriaren emanaldia aipa daiteke. Ohikoa duten moduan, bi gitarrarekin aritu ziren, akustikoa bata, elektrikoa bestea, eta Miren Narbazaren ahots izugarria tarteko, aho bete hortz utzi zituzten ikusleak, barru-barruraino sartzen diren akorde eta doinuen bidez.
 
Denbora asko da Asier Serrano gitarra eskuan ikusten ez genuela. Jaialdiaren berezitasunak, eta ekimenaren garrantzia arrazoi nahikoa izan ziren musikari eta idazleak oholtza hartzeko. Poesia batekin ireki zuen bere txanda, gitarra eta teklatuaren laguntzaz bigarren kantua jotzeko. Rafa Ruedaren saioa ere ederra izan zen. Gitarra leun eta ahots gozoz, bi kantu jo zituen, bietan Ibon Urizar elgoibartar musikaria tronpetaz lagun izan zuelarik.
 
Euskal Herriak bizi duen une berriak ere bere tokia izan zuen taula gainean. Oholtza gainean agertu ziren musikari gehienek aipatu zuten egoera berria. Ilusioz eta itxaropenez aritu ziren, baina oraindik bide asko egiteke dagoela onartu zuten. Jaialdiko afixak Kerobia taldearen parte hartzea iragartzen bazuen ere, Nafarroako taldea ez zen Elgoibarren izan, azken uneko arazoak medio. Hala ere, ez zuten hitzordura hutsik egin nahi izan eta taldeak bidalitako poema musikatu bat entzun ahal izan zen bozgorailuetatik.
 
Jarraian, Zea Mays igo zen oholtzara. Hauek ere biko formatuan aritu ziren. Aiora ahotsean eta Piti gitarrarekin, inoiz baino biluziago aritu ziren, eta bidean bi kantu jo zituzten. Azken urte honetan erabat ezaguna egin den kantu ederra, “Negua joan da eta”, izan zen horietako bat. Emanaldia gori-gori jarri zen aurrera egin ahala. Ken Zazpiren izenean, Eñaut Elorrieta eta Beñat Serna aritu ziren, biak gitarrak eskuan. Besteren artean, “Zapalduen Olerkia” kanta jo zuten ikusleen ahotsek lagunduta.
 
Txaloen ondotik Esne Beltzaren emanaldia iritsi zen. Esne Beltza ere biko formatuan taularatu zen: DZ, scratxak eta plateretak astintzen, eta Xabi Solano, gitarra eta ahotsean. Esne Beltzaren kantu ezagunak bestelako eran jo zituzten, emaitza akustikoago bat lortuz, beti ere indarrik galdu gabe.
 
Taulara igotzen azkenengo taldea Gose izan zen. Betiko hiruko formatuan, Inesek, Iñakik eta Osoreonek jaialdiari ukitu elektronikoa eman zioten. Ines Osinaga abeslariak, «preso politikoak eta politiko presoak» gogoan izan zituen, trikitia astintzen zuen bitartean. Jaialdiari luxuzko amaiera emate aldera, musikari guztiak igo ziren taula gainera, Arnaldoren 8719600510 preso zenbakia zeramaten afixak eskuetan eta txalo burrunba airean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo